Green Capital markoan deitutako diru-laguntzetara ehun proposamen baino gehiago aurkeztu dira
Ehun proposamen baino gehiago aurkeztu dira Vitoria-Gasteiz Europako Hiriburu Berde dela baliatuz garapen iraunkorraren sustapenerako deitutako diru-laguntzetara.
Deialdiak 100.000 euro banatuko ditu laguntzetan. Eskariak aurkezteko epea urtarrilaren 4an itxi zen, eta orain proposamenak baloratzeko fasea ireki da. Deialdiaren oinarrietan zehaztu zenez, hiru hilabeteko epea dago orain laguntzak nori eman ebazteko.
Proiektuak ebaluatuko dituen epaimahaiaren partaideak Udalaren Ingurumen eta Espazio Publikoaren Saileko arduradunak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko arduradunak, eta "Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012" batzorde zientifikoko kideak izango dira. Sei irizpide izango dira kontuan: proiektuak deialdiaren xedea betetzeko egiten duen ekarpena, bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, zabalkundea, balizko oihartzuna, originaltasuna eta sormena, eta estrapolagarria izateko aukera.