Gizarte Politiken Sailak eta CEAk trizikloan paseatzeko programa bat antolatu dute adinekoentzat, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko

CEA 2018tik ari da parte hartzen CityChangerCargoBike europar proiektuan, zamalanetarako bizikletak eskala handian integratzea hiriko zamalan operazioetan eta, orobat, beste edozein jarduera ekonomiko edo sozialetan mugikortasun modu tradizionalen ordezko gisa. Proiektuak 5.700 euro eman ditu adinekoak trizikloetan paseatzeko sortu den ekimen berri honetarako.
Datorren astetik aurrera, etxebizitza komunitarioetan bizi direnek eta udalaren Eguneko Arreta Zerbitzukoek aukera izango dute mugitzeko dituzten zailtasunengatik aspaldian ikusi gabeko –eta agian ahaztutako– lekuak bisitatzeko eta berriz ezagutzeko. Trizikloen gainean egingo dituzte bisita horiek Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak abian jarriko duen “Biziz adinik ez” programari esker, eta trizikloak gidatuko dituzten 15 boluntariorekin lankidetzan.
Ekimena duela 9 urte Danimarkan sortutako nazioarteko “Cycling Without Age” ekimenaren parte da, eta adinekoak berriz ere bizikletaz ibil zitezela zuen xede. Haietako askoren mugikortasun mugatuak sortzen zuen zailtasuna gainditzeko, sustatzaileak trizikloak erabiltzen hasi ziren eta boluntarioek gidatzen zituzten egoitzetako adinekoekin doako ibilaldiak egiteko. Orain, Arabako hiriburuak bat egin du esperientzia honekin; adinekoak paseatzera ateratzeaz gain, belaunaldien arteko lotura sortu nahi du triziklo-gidarien bitartez.
Programan erabiliko diren trizikloak elektrikoak izango dira, pedalei eragiteko laguntza izango dute eta bi bidaiarirentzat lekua, gidariaz gain. Orduko 8 kilometroko abiaduran ibiliko dira, gutxi gorabehera. Ordu eta ordu eta erdi inguruko ibilaldiak izango dira. Aldez aurretik ezarri eta udaltzainekin adostutako hainbat ibilbide daude; izan ere ibilgailuak, behar bezala aseguratuta, baimenduta duten guneetatik ibiliko dira. Hiru gurpilen gainean, bidaiariak eta laguntzaileak Arriagako, Olarizuko eta Floridako parkeetara, hiriaren erdialdera, Lakuako galeoi pirataren parkera eta beste hainbat lekutara joan ahalko dira, abiapuntuaren arabera.
Prestakuntza jaso duten 15 boluntariok gidatuko dituzte trizikloak, eta beste 60 boluntario daude Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak sortutako zerrendan, izan daitezkeen hutsegiteak estaltzeko eta programak ondo funtziona dezan.

Trizikloan egiten diren ibilaldi hauek bizi-kalitatea hobetu nahi diete Aurora, Los Molinos eta San Prudentzio etxebizitza komunitarioetan bizi direnei eta Olarizu, Blas de Otero,, Tomas Zumarraga Dohatsua eta San Prudentzio eguneko arreta zerbitzuen erabiltzaileei. Udal zerbitzu horietako bakoitzak irteera-ordu eta -egun zehatzak izango dituenez, erabiltzaileek aldez aurretik programatu ahalko dute ibilaldia. Horretarako, aldez aurretik izena eman behar dute, eta ordu eta egun horretan boluntario batek trizikloan eramango diu paseatzera, eta “haizea ilean sentitu” eta esperientziaz gozatu ahalko dezaten.
