Gero eta aukera gehiago dago Vitoria-Gasteiz Europako Hiriburu Berdea bihurtzeko
Vitoria-Gasteizek atzean utzi ditu Europako hamaika hiri 2012 eta 2013an Hiriburu Berde berria izateko bidean. Europako Batzordeak Arabako hiriburua hautatu du sari hau irabazteko sei finalisten artean. Lehen galbahea igaro ondoren, Bartzelona, Malmö, Nantes, Nuremberg eta Reykjavik hiriekin lehiatuko da.
Ebaluazio-lantaldeak ingurumen-irizpideak jarraitzen ditu saria emateko, hala nola klima-aldaketaren aurkako borrokan egindako tokiko ekarpena, lurzoruaren antolamendu jasangarria, bioaniztasuna, atmosferaren kalitatea, zarata, hondakinen sorrera eta kudeaketa, ur-kontsumoa, hondakin-uren tratamendua eta ingurumen-kudeaketa. Eta alde hauetan guztietan Gasteizek nota altua jaso du.
Finalista izateko gainditu behar izan duen lehen probaren ondoren, hautagaitza bermatuko duten datu gehiago aurkeztu behar dira, besteak beste hiriko bizi-baldintzak hobetzeko planak eta etorkizuneko ekimenak. Hortaz, Batzordeak azterketen bigarren txanda bat egingo du eta bere aholkuak aurkeztuko dizkio epaimahaiari, eta honek behin-betiko erabakia hartuko du. Hiri irabazleak urriaren amaieran ezagutaraziko dira, egungo Hiriburu Berdea den Stockholm hirian.