Herritarren zientziak Gasteizen gaueko tximeleten aniztasun izugarria dagoela erakutsi du

2025eko txostenak heriotzarik gabeko argi-tranpen bidez lortutako emaitzak jaso dit. Tranpak bi puntu finkotan daude instalatuta: Ataria inguruan (Salburua), 2016tik martxan dagoena, eta Urarteko baratzeetan (Abetxuku), 2022tik aktibo. Laginketak modu erregularrean egiten dira urte osoan zehar, eta boluntarioen, teknikarien eta erakunde espezializatuen parte-hartzea dute.
2025ean 60 laginketa egin ziren Atarian, eta, horri esker, 475 taxon desberdin identifikatu ziren (genero mailaraino identifikatu ziren batzuk) eta 4.733 banako zenbatu ziren. Datu horiek denbora serie luzeen balioa indartzen dute: 2016an programa hasi zenetik, 983 taxonen 46.000 ale baino gehiago erregistratu dira. Kopuru hori apartekoa da hiri baten testuinguruan.
Txostenaren emaitzarik aipagarrienetako bat da urtetik urtera espezie berriak agertzen jarraitzen dutela, ia hamarkada batez etengabeko laginketak egin diren arren. 2025ean, aurrez Atarian detektatu gabeko 17 taxon gehitu ziren, eta horrek agerian uzten du inguruneko aberastasun biologikoa aparta dela eta epe luzeko jarraipena oso erabilgarria dela tokiko biodibertsitatearen ezagutza hobetzeko.
Azterlanak gaueko tximeleten jarduerarekin lotutako ingurumen faktoreak ere aztertu ditu, hala nola tenperatura, haizea edo ilargiaren fasea, eta informazio garrantzitsua ematen du espezieen jarduera ereduak eta ugaritasuna interpretatzeko. Era berean, intereseko espezieen jarraipen espezifikoa egin da, hala nola Cydalima perspectalis tximeleta inbaditzailearena, zeinaren presentzia 2025ean oso bakana izan baitzen, erregistro bakar batekin.
Aurrekoaz gain, txostenak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. Nabarmentzekoa da zortzi boluntariok hartu dutela parte 2025eko laginketetan eta programari lotutako dibulgazio ekintzetan, hala nola tailer eta jardunaldi irekietan. Horrela, zientziaren, herritarren eta kontserbazioaren arteko lotura indartzen da.
Oro har, Gaueko Tximeletak Kontserbatzeko Programak erakusten du herritarren zientzia, metodologia argi eta jarraituetan oinarritzen denean, tresna eraginkorra dela Gasteizko hiri biodibertsitatea kudeatzeko eta kontserbatzeko ezagutza zientifiko sendoa eta erabilgarria sortzeko.