Gasteizko Udalaren hiri baratzeen erabilera arautzeko udal ordenantzaren hasierako onespena
Urtarrilaren 7an argitaratu zen ALHAOn Vitoria-Gasteizko Udalaren hiri baratzeen erabilera arautzeko udal ordenantzaren testuaren hasierako onespena, udalbatzak abenduaren 12an erabaki zuenari jarraiki. Informazio publikoko epealdia, ordenantza proiektuari alegazioak aurkezteko balio duena, datorren otsailaren 6a arte egongo da irekita.
Zioen azalpenean bildutakoak dioenez, ordenantza horren bidez udal baratzeen erabilerari aplikatuko zaion erregimena ezarriko du Udalak. Horrela, udalarenak diren baratzeen erabilera esleitzeko tramitazioa eta erregimena erregulatuko da, onuradunak izango diren pertsonen hautapen prozedura ezarriko da, haien eskubide eta betebeharrak zehaztuko dira, eta jokabide oker edo kaltegarriek izan ditzaketen zigorrak finkatuko dira.
Baratzezaintza ekologikoko lehen proiektuak 1990eko hamarkadan sortu ziren CEAren eskutik. 1998an Olarizuko baratzeak sortu ziren, eta 2007an Abetxukun dauden Urarteko baratzeak. Toki horietan aisialdiko baratzezaintza bezalako jarduerak garatu izan dira urte hauetan. Aisialdiko baratzezaintzan prestakuntza ikastaro bat egiten dute parte-hartzaileek, eta ondoren lursail bat eskaintzen zaie denbora jakin batez, baratzea sortzeko erabil dezaten. Jarduera hori zenbait arau jarraituz egin izan da, eta orain, ordenantzaren bidez, arau horiek sendotu eta erregularizatu nahi dira.
Hortaz, dagoeneko abian dauden espazioen erabilerarako oinarriak jartzeaz gain, etorkizunean egon daitezkeen beste ekimen batzuetarako ere balioko du ordenantzak. Mota horretako espazioak gehitzea aurreikusten da, oso eragin positiboa baitute hiri ingurunean sortzen dituzten ingurumen onurei esker. Horrez gain, baratzezaintza ekologikoaren eta horren dakarren jarduera fisikoaren sustapena bat dator Udalak garapen jasangarriaren alde eta herritarren bizi kalitatea mantentzearen alde duen konpromisoarekin.
> Ordenantza proiektuaren testu osoa