Gasteizko Udalak Lakuabizkarreko hiri-baratzeak aurkeztu ditu
Lakuabizkarreko baratzeen proiektua 'Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz' partaidetza-prozesuan hautatu zen, eta Urtaranen gobernuak 99.000 euroko inbertsioa egin du. Ekoburuz ekologia eta kultura elkarteak kudeatuko ditu baratzeak datozen lau urteetan.
“Azkenaldian baratzezaintza sustatzen ari gara Gasteizko hiri espazioetan zein hiri inguruko espazioetan, hiriko azpiegitura berdea osatu, elikagaien tokiko ekoizpena eta kontsumoa sustatu eta elikadura osasungarria zein aisialdi aktiboa bultzatzeko xedez. Proiektu honen helburua bat dator Ingurugiro Gaietarako Ikastegitik garatzen ari garen estrategiarekin. Gainera, herritarrek berek eskatu dute, eta horrek erakusten du Gasteizko herritarrek udalaren interesa partekatzen dutela”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Iñaki Prusillak.
Partaidetzako zinegotzi Isabel Martínezek, berriz, hau esan du: “agintaldi hau partaidetzaren agintaldia izaten ari da eta, zehazkiago, aurrekontu parte-hartzaileena, herritarrek inoiz baino baliabide gehiago izan baitute zertan erabili erabakitzeko. Horretaz gain, programa ezin hobeto funtzionatzen ari da, proposamenak bozketaren hurrengo ekitaldian gauzatzeko konpromisoa betetzen ari baita gobernua“.
Udalak hiri-baratzezaintza lantzeko hainbat ildo ditu: udal baratzeak, gizarte etxeetako baratzeak, eskola-baratzeak eta herritarren ekimenen sustapena. Gaur egun herritarren elkarteek kudeatutako bi gune daude: Zabalortu, Zabalganean (300 bazkide inguru), eta Lakuan sortu berri dena.
Ekoburuz ekologia eta kultura elkarteak LakuaKoLore proiektua garatuko du bertan. Horretarako egin den diseinuan, erdian 24 x 24 metroko plaza bat utzi da, eta bertan komunen eta biltegiaren moduluak jarri dira, bai eta mahaiz eta zuhaitzez hornitutako aisialdi gune bat ere. Bide nagusiaren alboetan sei uraska jarri dira, horietako bi iturriarekin, sei zuhaitz, eta izpiliku zerrendak, lekuak banatzeko. Lursaila 2,5 metroko altuerako zutoinez itxi da. Orobat, oinezkoentzako bi ate egokitu dira, Irati eta Ori kaleetatik sartzeko. Komunak, aldagelak eta biltegiak bi modulu prefabrikatu dira. Lursailean lurrak batetik bestera mugitu dira, zabortegira eraman beharrik ez izateko.
LakuaKoLore proiektuak, baratzezaintza ekologikoa sustatzeaz gain, zeharkako jarduerak eta auzoa dinamizatzeko jarduerak egiteko aukera emango du. Izan ere, Lakuak aire zabalean biltzeko guneak behar ditu, eta espazio berri horrek sozializatzeko eta osasuna eta aire zabaleko jarduerak sustatzeko balio dezake.