Albistea

Gasteizko Mendietan mehatxatuta dauden espezieak babesteko proiektua bukatu du Udalak

Ibaiondo auzoko anfibioa

Euskadiko baso-ekosistemarik hoberen eta zabalenetako bat osatzen dute Gasteizko Mendiek. Baso horiek, hainbat motatako sastraka eta larreekin konbinaturik, funtzio ekologiko garrantzitsuak betetzen dituzte, eta biodibertsitatearen gordailu nabarmena dira, interes handiko flora- eta fauna-espezie ugari baitaude presente bertan, eskualdean beste inon ageri ez direnak eta mehatxatuta dauden hainbat espezie barne. Ekialdeko zatia, Gasteizko Goi Mendiak deitu ohi dena, Natura 2000 Sareko Kontserbazio Eremu Berezi deklaratzea ekarri zuen bere kontserbazio-egoera bikainak. Europar Batasuneko espazio natural babestu nabarmenenak biltzen ditu sare horrek. Babestutako eremuak 2000tik gora hektarea hartzen ditu, eta % 95,3 herri-lurrak dira, gehien bat Gasteizko udalerrikoak.

Gasteizko Udalak, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Atalaren eta Olarizuko lorategi botanikoaren bitartez, Gasteizko Goi Mendietako kontserbazio-eremu bereziko mehatxatutako espezieak kontserbatzeko proiektua proposatu zuen, hariztien, mehatxatutako floraren, saguzarren, basoetako anfibioen eta muxar grisaren kontserbazio-egoera hobetzeko, eta okil ertainaren populazioak zehaztasunez ezagutzeko. Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa izan du proiektuak.

Ekintza eta emaitza nagusiak

  • Olarizuko Lorategi Botanikoko Landareen Germoplasma Bankuan kontserbazio-eremu bereziko mehatxatutako flora guztiaren haziak daude gordeta, populazioen errolda eguneratuak ditu, eta ernatu, produzitu eta landatzeko protokoloak definitu ditu, kontserbazio-neurriak hartu ahal izateko.
  • Orobat hasi da lan egiten iratzeen esporak ex situ gordetzeko, eta horiek ernatu, produzitu eta landatzeko protokoloak zertzeko, arreta berezia eskainiz suge-mihiari (Ophioglossum vulgatum), Euskal Herrian babestuta dagoen basoetako iratze txikia izaki.
  • Sendotu egin dira kontserbazio-eremu bereziko mehatxatutako bi landareren populazioak: eguzkilore luzea (Carlina acaulis subsp. simplex), zeinen habitata mendietako larreetara mugatzen baita, eta ehun ale inguruko populazioa baizik ez baitzen geratzen, eta lilipa arrunta edo sanjose lorea (Narcissus varduliensis, N. gr. pseudonarcissus), 200 ale besterik ez baitira hazten, herri batetik gertu dagoen erreka-bazter batean, eta bilketa-presio handia jasaten baitu. Eguzkilore luzearen kasuan, populazio-gune berri bat sortu da, lehendik zegoenetik gertu, eta 285 alera igo da ale-kopurua. Lilipen kasuan, bi gune berri sortu dira, eta 740 alera igo da hartara kontserbazio-eremu bereziko populazioa.
  • Dibertsifikatu egin da bi hektarea inguruko haritz-birlandaketa zahar bat, 533 zuhaixka eta 70 zuhaitzekin, inguruko hariztietan ohiko diren hainbat espezie baliatuz.
  • Uhandre alpetar mehatxatuaren ugalketa-gune bakar bat deskubritu da kontserbazio-eremu berezian. Espeziearen begi bistako ahuldadea ikusirik, 21 putzu egin dira inguruko basoetan, kontserbazioa errazte aldera.
  • Beste bi aintzira egin dira basoetan, bereziki diseinatuak galtzeko arrisku bizian dagoen kontserbazio-eremu bereziko beste anfibioetako baten ugalketa errazteko; baso-igel jauzkariarena, hain zuzen ere.
  • Bestalde, ureztapena erregulatzeko baltsa txiki bat aurki zen Mendigurena muinoko baso-masa batean, zeinek arazo ugari ematen baitzituen. Ezpondak ditu baltsa horrek, oso aldapatsuak, eta plastiko iragazgaitzez estalita dago. Horrek benetako tranpa bihurtzen du faunarentzat, eta hainbat ale aurkitu dira bertan itota azken urteetan: aztore, katajineta eta lepazuriak, baita beste espezie batzuetakoak ere. Horregatik, faunarentzako lau ihesbide jarri ziren aintziraren plastikozko ezpondetan, neurri zuzentzaile gisa.
  • 30 babes-kutxa jarri dira, oraindik zulorik eskaintzen ez duten zuhaizti gazteetan saguzarrek habiak egin ditzaten. Bestalde, kontserbazio-eremu bereziko hariztietan ugaztun-talde mehatxatu hori zein egoeratan dagoen jakiteko azterlana egin da. 15 espezieren presentzia antzeman da, eta kopuru handia da hori, kontserbazio-eremu bereziak animalia horientzat duen garrantzia nabarmentzen duena. Gainera, antzemandako espezietatik lau arriskuan dauden espezieak dira, Mehatxatutako Espezieen EAEko Katalogoaren arabera. Hiru espezieren ugalketaren berri izan da. Nabarmentzekoa da saguzar biboteduna ugaltzen den Euskal Herriko bigarren lekua dugula kontserbazio-eremu berezia.
  • 36 babes-kutxa jarri ziren muxar grisarentzat, espezie horrentzako babesleku egokirik ez zuten zazpi pagaditan. Neurri horren efikazia egiaztatu ahal izan da, pagadi horietako bi kolonizatu baitituzte, eta bietan ere ugaldu baitira.
  • Kontserbazio-eremu bereziko okil ertainaren populazioa aztertu da —Izkiko Parke Naturaleko populazio ugaritik ipar aldera ezagutzen den leku bakarra baita—. Aztertutako sei zonetatik hirutan antzeman da espezie hori, eta 2010ean baino ugariago dela ikusi ahal izan da. Gainera, kontserbazio-eremu berezirako kontserbazio- eta kudeaketa-neurriak proposatu dira.
  • Ekintza guztiei zabalkundea emateko, liburuxka bat argitaratu da —5.000 ale—, eta Gasteizko Udalak halakoetan baliatu ohi dituen bitartekoak baliatuz zabaldu.

Hartara, maila guztietan hartutako konpromisoak betetzen jarraitzen du Gasteizko Udalak —nazioartean, Europan, Estatuan, autonomia-erkidegoan eta udalerrian—, Gasteizko udalerriko Biodibertsitatea Kontserbatzeko Estrategia garatuz, eta, kasu honetan, bereziki lagunduz udalerrian dauden Natura 2000 Sareko lau espazio babestuetako bat kudeatzeko neurriak martxan jartzen.

Ikerlanak

Interesa dakizuke


Ez da emaitzarik aurkitu