eues

Albistea

Gasteizko eskola-jantokiek elikadura arduratsuari buruzko lantegietan parte hartu dute

Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren parte dira. Izan ere, duela zenbait urtetik parte hartzen dute bertan Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Gasteizko hainbat organizazio eta herritarrek.

Elikadura arduratsuari buruzko lantegi-programa batean parte hartu zuten Gasteizko zortzi ikastetxetako hezkuntza-komunitateak. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako 160 bat guraso, irakasle eta langile inplikatu ziren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutako lantegi horietan, eskola-jantokiek elikadura arduratsua bideratzeko ematen duten aukeraren inguruan hausnarketa egiteko, alde batetik jantokiek eskola-komunitatearen elikaduran eta osasunean jokatzen duten papera analizatuta, eta bestetik, berriz, elikadura-ohituren ikaskuntzan eta elikadura-sistemaren eta ingurunearen arteko loturaren irakaskuntzan duen funtzio pedagogikoa aztertuta.

11 lantegi antolatu zituzten, 2018-2019 ikasturtean, Gamarrako Ostalaritza Eskolak eta Toki Eder, Zabalgana, Umandi, Ikasbidea, San Martin, Presentacion de María eta Aldaialde ikastetxeek.

Gertuko produktuen eta produktu ekologikoen eskaria areagotzea da udal jardunaren helburuetako bat. Bi tresnaren bitartez ari da Udala lantzen ekintza-ildo hori, sentsibilizazioa eta erosketa publikoa, biak ere ikastetxeetako jantokietan zentratuta.

Jantokietako menuak sasoiko produktuetara egokitzeko aukerak lantzeko eta inguruarekiko begirunea bultzatzen duten elikadura-ohiturak aztertzeko ez ezik, Udalaren Nekazaritzako Elikagaien Estrategiari hezkuntza-komunitatean zabalkundea emateko ere balio izan dute lantegiek.

Nekazaritzako Elikagaien Estrategiaren helburu da kalitateko elikagaiak bertan ekoiztea eta hirian horiek kontsumitzea lotzea, betiere iraunkortasuna kontuan hartuz. Hartara, udalerrian nekazaritza eta abeltzaintza suspertzea lortuko da eta lehen sektorea bultzatuko da, elikagaien kalitatea hobetuko da eta, orobat, hiriaren karbono aztarna gutxituko da, elikagaiak garraiatu eta kontserbatzeko behar den energia kontsumoa murriztuz gero.

Beraz, ekoizpen, merkaturatze eta kontsumo zirkuitu laburrak sustatzea da asmoa, tokiko estrategia bat garatuz; horretarako, beste hiri eta eskualde batzuetako esperientziak hartuko dira eredutzat, hala nola Viena, Londres edo Eskoziakoak.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala