Gasteizko Agenda 21aren 2011. urteko buletina argitaratu da
1998az geroztik Udalak bere ingurumena eta iraunkortasuna neurtzeko adierazle sorta bat kalkulatzen du, hainbat alorretan hiriaren egoera zein den ikusi ahal izateko: airearen kalitatea, mugikortasuna, sortzen diren hondakinak eta horien kudeaketa, ur eta energia kontsumoa edo herritarren osasuna, besteak beste.
2010ean Vitoria-Gasteizko iraunkortasuna handitzeko egindako ekintzei dagokienez, Agenda 21aren 2. Ekintza Plana (2010-2014) onartu zela nabarmendu behar dugu. Plan horrek iraunkortasunaren aldeko neurriak eta ekintzak finkatu zituen, Udalak hurrengo lau urteetan jarduketa alor guztietan ezar eta gauza ditzan. 228 ekintza eta 304 jarduketa hartzen ditu barne. Horietatik % 30ek baino gehiagok gizarte inklusioa eta kohesioa bultzatzea dute helburu, eta laurden batek, berriz, ingurumenaren eta baliabide naturalen kudeaketarekin du zerikusia. Halaber, gobernantza, hiritarren partaidetza prozesuak, lurralde eta mugikortasun alderdiak eta ekonomia sektorearen iraunkortasuna hobetzeko ekintzak ere nabarmendu behar dira.
Era berean, Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko 2010-2020 Plana onartu eta "Vitoria-Gasteiz: karbonorik gabeko hiria. 2020-2050 eszenatokia" dokumentua egin dela ekarri behar da gogora. Vitoria-Gasteizko Udalak azken dokumentu hori Ingurumenaren X. Biltzar Nazionalean aurkeztu zuen, Madrilen, 2010eko azaroan.
Iaz, Zarata eta Bibrazioen kontrako Udal Ordenantza berria eta Udal Hondakinak Kudeatzeko 2008-2016 Plan Integrala onartu ziren. Energiaren arloan, aurrezteko eta eraginkortasuna areagotzeko helburua lantzen eta energia berriztagarriak sustatzen jarraitu zuten. Urari dagokionez, Vitoria-Gasteizen Uraren Erabilera Eraginkorra Sustatzeko Futura Planak finkatutako ildoaren araberako udal jarduketak egin dira.
Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana abiarazi zenetik ohiko denez, jarduketa askoren ardatza mugikortasuna izan da. Horien adibideak ditugu, besteak beste, hiri garraio publikoen sarea hobetzeko lanak (lineen hobekuntza, autobus lerro berriak eta plataformak geltokietan) eta bizikleta mugikortasunaren inguruko ekintzak, bereziki Bizikleta Mugikortasunaren Gida Planaren onarpena.
Alondegi Planak, mugikortasunarekin eta espazio publikoarekin lotura estua izanik, espazio publikoa hobetzeko eta berreskuratzeko jarduketak gauzatzen jarraitu du, hiri merkataritza sustatzeko asmoz. 2009an Antso Jakituna kalea konpondu ondoren, 2010ean Lovaina plaza berriztatu dute, eta Erdi Aroko hirigunea eta Frantzia kalea Zaramagarekin lotzeko Planaren ipar ardatza gauzatzeari ekin zaio, Bilbo plaza eta Santa Maria kantoia eraberrituz.
Gizarte alderdiei dagokienez, Gizarte Zerbitzuen Sektore Kontseilua ekinean hasi eta Vitoria-Gasteiz Adineko Pertsonen Hiri Lagunkoien Mundu Sarean sartzeko urratsak eman dira. Gainera, Udalaren II. Gazte Plana 2010-2012 eta Garapenerako Lankidetzako Gida Plana 2010-2013 jarri dira abian.
Naturaren eta biodibertsitatearen kontserbazioaren arloan, 2010ean hainbat jarduketa egin dira. Horrela, Armentiako parkea zabaltzeaz eta Olarizuko baratzeak handitu eta eraberritzeaz gain, Olarizuko arboretoaren laugarren eta bosgarren faseei bukaera eman zaie. Bi faseen xedeak baso borealen eta goi mendiko basoen guneak izan dira, hurrenez hurren. Horrela, Europako basoen arboretoa sortzeko lanak erabat burutu dira, 2007an hasitako bideari amaiera emanez.