eues

Albistea

Gasteizko 23 ikastetxetako 20.000 gaztek baino gehiagok ekintza eta konpromiso multzo bat proposatu dute klima-aldaketa geldiarazteko

Eskolako Agenda 21

Gasteizko 23 ikastetxetako 20.000 gaztek baino gehiagok —Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketakoak— klima-aldaketa geldiarazteko ekintza eta konpromiso multzo bat helarazi diote Udalari Eskolako Agenda 21aren barruan; horren bidez, hiriko milaka gaztek garapen iraunkorrarekin lotutako gaiak lantzen dituzte tokiko ikuspegi batetik. Ikasturte honetan klima-aldaketa izan da gaia.

Bestetik, osasun-krisialdiak une bakoitzean ematen zituen aukerei moldatuz joan behar izan da programa; esate baterako, parte-hartzaileek alkatearen eta udal teknikariekin egiten zuten urteko topaketa egin ordez bide telematikoz parte hartu behar izan dute, eta ikasturtean landutakoa laburtzen duen bideo bat partekatuz.

Urtero bezala, Gorka Urtaran alkateak zorionak eman nahi izan dizkie parte-hartzaileei, eta Udalak haien iradokizunak eta kezkak kontuan hartuko dituelako konpromisoa adierazi. Bideo batean, alkateak gogorarazi die Udala une honetan ahalegin betean ari dela osasun-krisialdiak hirian sortutako beharrizan berriei erantzuteko, eta osasuna, gizarte-ongizatea eta tokiko ekonomia direla udalaren ekintzaren lehentasunak epe labur eta ertainera. “Helarazi dizkiguzuen proposamen guztiak oso baliagarriak dira, eta ongi etorriak, Gasteiz erreferentziazko hiria izan dadin iraunkortasunari, bizi-kalitateari, osasunari eta klima-aldaketa kontuan hartzen duen ekonomia berdeari dagokienez“, eskertu du alkateak parte hartu duten ikastetxeei bidalitako bideoan.

Proposamenen artean hauek nabarmendu daitezke: denda txikiei eta tokiko merkataritzari laguntzak ematea, poltsa berrerabilgarriak sustatzea eta plastikozkoak debekatzea, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide gehiago jartzea, autobus guztiak elektrikoak izatea, ekonomia zirkularra sustatzea hondakin gutxiago sortzeko, udal eraikinetan energia berriztagarriak erabiltzea, hiriko lantegiek sortutako kutsadura kontrolatzea, bizikleta eta patinetentzako aparkaleku gehiago jartzea, laguntzak ematea adin orotako pertsonek kirola egin dezaten aire zabalean, eta enpresa eta elikadura markei ekotasa bat ezartzea.

Eskolako Agenda 21aren hezkuntza-proiektuak hiria ikastetxeetara hurbiltzeko xedea du, tokiko ikuspegia garatzeko aukera eskaintzen du, eta lagungarria da hezkuntza-komunitatea udal bizitzan inplikatu dadin.

Gasteizek hiri eta lurralde eredu iraunkorrago baterantz joaten lagundu du ekimen honek, hau da, biodibertsitateari eta natur ondareari begirune handiagoa izango dion eredu baterantz, baliabideen kontsumoan, hots, uraren, energiaren eta lehengaien kontsumoan eraginkorrago izango den eredu baterantz, hondakin gutxiago sortuko dituen eta solidarioago eta bizigarriago izango den eredu baterantz.

2001-2002 ikasturtean jarri zen lehenengo aldiz martxan, Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eskutik.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala