Gasteizen 'MoveSmart' aplikazioa aurkeztu da, zeinaren bidez herritarrek motor elektrikoak probatu ahalko baitituzte, doan
Prestakuntza lantegietan (irailaren 17tik 22ra arte) parte hartzen dutenek motozikletak 30 minutuz doan erabiltzeko aukera izango dute.
Datozen egunetan 14 motor elektriko hasiko dira ibiltzen gure hiriko kaleetan barrena. Gasteizko Udala hiri-mugikortasun iraunkorra sustatzeko bultzatzen ari den ekimen ugarietako bat da hori. Oraingoan, proiektuak hiri-mugikortasunerako proposatzen duen sistema alternatiboa probatzeko gunea izango da hiria, Mugikortasunaren Europako Astea dela eta.
MoveSmart europar proiektuak ibilbideen planifikatzaile bat garatu du mugikorrarentzat -doan deskargatu daiteke gailu guztietan-, eta horien osagarri Going Green enpresak -Bartzelonan du egoitza eta proiektuaren bazkidea da- 14 motor elektriko banatuko ditu hiri osoan. Lankidetza horri esker, maiatzetik erabiltzaile talde mugatu batek -udal langileek osatua- probatu du zerbitzua. Pertsona horiek motozikletak benetan erabiltzea zen helburua, softwareak izan zitzakeen akatsak eta proiekturako zehaztu ziren ezaugarriak (motozikleta kopurua, zerbitzuaren hedadura, ordutegiak, etab.) egokiak ziren egiaztatzeko, jende orori zabaldu aurretik.
Herritarrek ibilgailuak probatzeko unea da orain. Horretarako langileak antolatu dira irailaren 17tik 22ra arte: monitoreek interesdunek proiektuaz eta aplikazioaz dituzten zalantzak argituko dituzte, eta Going Green enpresako langileak ere izango dira bertan, motozikleta elektrikoak probatu ahal izateko.
Irailaren 17an Aldabe kalean egingo da erakustaldia, 11.00etatik 14.30era, egun horretan trafikorako itxita egongo baita Mugikortasunaren Astea dela eta; hilaren 18tik 22ra bitartean, 18.00etatik 21.00etara, Santa Barbara plazan egingo da proba, Jesus Guridi kalearekiko kantoian. Prestakuntza lantegietan parte hartu, `MoveSmart' aplikazioa deskargatu eta horren funtzionamendua ebaluatzeko galdetegia betetzen dutenek 30 minutuz doan erabili ahalko dituzte motozikleta elektrikoak.
Motozikleta gidatu ahal izateko betekizun hauek bete beharko dira: 18 urte beteta izatea, gida-baimenak 3 urteko antzinatasuna izatea edo motozikletak gidatzeko berariazko baimena izatea, eta proiektuaren aplikazioa deskargatu ahal izateko smartphone bat edukitzea.
MoveSmart (Renewable Mobility Services in Smart Cities -Mugikortasun berriztagarriko zerbitzuak hiri adimentsuetan) proiektuak europar finantzaketa du, eta Gasteizek hiri pilotu gisa hartzen du parte, Pula (Kroazia) hiriarekin batera. Horretarako partzuergo bat osatu dute Ekonomia Sustapenerako Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Europar Batasuneko 5 herrialdetako 10 kiderekin batera (http://www.movesmartfp7.eu/; ). Hiri inguruneetarako ibilbideen planifikatzaile bat garatzea da helburua, gailu mugikorrekin (smartphoneak edo nabigazio gailuak) funtzionatzen duena; horren osagarri, ibilgailu elektrikoen flota bat zabalduko da proba-eremu batean.
MoveSmartek garatutako planifikatzaileak bi lekuren arteko ibilbiderik eta garraiobiderik azkarrena zein den zehazteko bide emango du eta gainera -hori da alderdi berriena- ingurumena gehien errespetatzen duten ibilbidea eta garraiobideen nahasketa proposatuko ditu. Ibilbide planifikatzailea benetako ingurune batean probatzeko bi hiri aukeratu ziren: Gasteiz eta Pula (Kroazia). Pulan bizikleta elektrikoak erabiltzea erabaki zen; Gasteizen, berriz, motor elektrikoak. Motorrek ibilgailuak partekatzeko erregimenaren bidez funtzionatuko dute: zerbitzua baliatu nahi duten erabiltzaileek motorrik hurbilena aurkitu ahalko dute aplikazioaren bidez, hori erreserbatu eta martxan jarri. Ibilbidea amaitutakoan, ibilgailua helmugan utzi eta gainerako erabiltzaileen esku geratuko da. Erabiltzaileak hiri osoan barrena ibiltzea izango du, baina beti eremu jakin batean -`zerbitzu eremua' izenekoan- aparkatu beharko du. Erabiltzaileak erregistratzean emandako kreditu-txartelean kargatuko dira zerbitzuari dagozkion tarifak.
MoveSmart proiektuaren bidez garatutako aplikazioa klima-aldaketari aurre egiteko beste tresna bat da, bai eta mugikortasunaren sektorearen energia-eraginkortasuna handitzeko tresna ere, Gasteiz hiriak Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planean zein Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko Planean jaso dituen helburuekin bat etorriz.