Gasteizen izaera jasangarria nabarmendu dute Espainiako Iraunkortasunaren Behatokiaren azterlan batean
Estatuko hiririk iraunkorrena izendatu du Gasteiz Espainiako Iraunkortasunaren Behatokiak, argitaratu berri den ‘Ciudades Sostenibles en España 2018’ txostenean. Hiriek garapen iraunkorrerantz egindako aurrerabidearen ebaluazioa jasotzen du agiri horrek, garapen iraunkorreko helburuen adierazleak eta Hiri Agenda Berria oinarritzat harturik. Duela bi aste lortutako aitorpenari gehitzen zaio oraingo hau. Izan ere, orduko hartan ere, Garapen Iraunkorrerako Espainiako Sareak sustatutako lan bat aurkeztu zelarik Madrilen, Estatuaren buru agertu zen Gasteiz Nazio Batuek 2030 Agendaren barruan ezarritako garapen iraunkorreko helburuak betetzeari zegokionez.
Iraunkortasunaren Behatokiaren txostenak Espainiako 52 hiriren egoerak alderatzen ditu, garapen iraunkorreko 17 helburuekin eta Hiri Agenda Berriarekin zerikusia duten 59 adierazleren bitartez. Lau bloke handitan banatzen dira adierazle horiek: alderdi sozialak, ingurumenaren arlokoak, ekonomiaren ingurukoak eta gardentasunari eta gobernagarritasunari dagozkienak.
Gasteizen kasuan, lehen lekuan ageri da hiria iraunkortasun orokorrik hoberena duten hirien kategorian, Madril, Bartzelona, Donostia eta Bilboren aurretik. Orobat da sailkapeneko lehena iraunkortasun sozialik hoberena duten hirien kategorian, Soria, Avila, Huesca eta Logroñoren aurretik. Ingurumen-iraunkortasunari dagokionez, bigarren lekuan ageri da Gasteiz, Huescaren atzetik. Eta, iraunkortasun ekonomikoari dagokionez, berriz, laugarren lekuan, Madril, Bilbo eta Bartzelonaren atzetik.