eues

Albistea

Gasteizen dago Euskal Autonomia Erkidegoko belatxikien populazio bakarra

Belatxikia

Belatxikiak Gasteizen duen presentziaren inguruan Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen unitateak eskatutako inbentario batek korbido honen 24 bikoteren habia-zuloak identifikatu ditu. Emaitzaren arabera, Euskal Autonomia Erkidego osoan, bideragarria izan daitekeen populazio bakarra Gasteizko hirigunean dago eta populazioa gehienez 80 hegaztikoa da. Kopurua txikia da eta, beste populazio batzuetatik isolatuta dagoenez, etorkizuneko bideragarritasuna arriskuan egon eta oso zaurgarria izan daiteke.

Estatu mailan, % 75 arteko populazio-beherakadak deskribatu dira eta, ondorioz, belatxikia “Espainiako Hegaztien Liburu Gorrian” arriskuan dagoen espezie gisa jasota dago.

Txepetxa elkarteak egindako azterlanaren bidez, eraikinak aukeratzeko garaian dituzten lehentasunei buruzko informazio ezezaguna, bizitza-zikloari eta ugalketarekin lotutako arrakastari buruzko datu orientagarriak eta espeziearen portaerarekin lotutako behaketa puntualak lortu dituzte.

Inbentarioa egiteko garaian ikusi zutenez, belatxikiak eraikin zaharrak hartzeko ohitura du, 1900 aurrekoak, habia egiteko egurrezko teilatu-hegalak dituztenak. Dena den, eraikin berriagoetako eta hiriguneko zuhaitz handietako zuloetan ere bizi dira.

Datuak ikusita, belatxikientzako egokiak izan daitezkeen zuloak urriak direla esan daiteke. Gainera, egoera larriagotzen du zulo horiek eskuratzeko garaian usoekin duten lehiak eta, molestiak ekiditeko, bizilagunen komunitate batzuek erabilgarri zituzten zulo batzuk pixkanaka itxi dituztelako. Arazo horietako batzuk saihesteko modua izan daiteke eraikin publikoetan edo zuhaitzez inguratutako guneetan habia-kutxak instalatzea, hala, usoekiko eta bizilagunekiko gatazka txikitzeko.

Azterlana egin aurretik, joan den udaberrian, ez ziren ezagutzen Gasteizen hiri-populazio horren oinarrizko alderdiak, eta horrek baldintzatu egiten zuen balizko mehatxuak identifikatzeko gaitasuna, bai eta kontserbazio-egoera hobetzen lagunduko zuten kudeaketa-gomendio arrazoituak egitea ere.

Gainbeheran nekazaritza intentsiboa dela eta

Belatxikia tamaina ertaineko korbidoa da. Bere ezaugarri bereizgarriena kolore griseko garondoa da, gainerako lumen kolorearekin kontraste handia eragiten baitu (kolore beltz bizia du lumajeak). Haien hotsa berezia da eta gure hiriko soinu-paisaiako elementuetako bat da dagoeneko, batez ere Alde Zaharrean eta Zabalgunean. Gainera, ohikoa da zeruan ikustea, talde txikiak eratuz.

Giza populazioetan finkatzea gustatzen zaio hegazti honi, eraikinen barrunbeak edo zuhaiztietako tarteak umatzeko erabilita. Hala ere, azken hiru hamarkadetan beherakada nabarmena izan du Europako hegoaldean, batez ere nekazaritza intentsiboa orokortu izanaren ondorioz.

Esteka ikerlana ikusteko

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala