eues

Albistea

Gasteizek hasiera eman dio CROPS4LIFE proiektuari, elikagai freskoen ekoizpena eta tokiko kontsumoa areagotzeko

CROPS4LIFE logoa

Urriaren 16an, CROPS4LIFE proiektuaren aurkezpen ofiziala egin zen Olarizuko Etxaldean. Proiektu hori Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) koordinatuko du eta nekazaritzako elikagaien alorreko 9 toki-erakundek hartuko dute parte. Proiektuaren bazkide diren erakundeez gain, nekazaritzako elikagaien arloko 20 bat erakundek hartu zuten parte aurkezpenean, eta sektoreak elikaduraren erronkei aurre egiteko proiektu berritzaileak ezagutzeko duen interesa erakutsi zuten.

Aurkezpenean, CEAk proiektuari buruzko sarrera egin zuen, eta elkartutako erakunde bakoitzak proiektuan duen zeregina azaldu zuen: elikagai freskoen ekoizpena, merkaturatzea, banaketa, logistika, monitorizazioa, digitalizazioa eta hari lotutako gobernantza.

CROPS4LIFE proiektuak 54 hilabeteko iraupena du eta Europar Batasuneko LIFE programak kofinantzatzen du; beraz, inbertsioaren % 60 bazkide den erakunde bakoitzari itzuliko zaio. Hala, proiektuak guztira 2 milioi eurotik gorako aurrekontua du. CROPS4LIFE programaren helburua da Gasteizko nekazaritzako elikagaien sistemaren ingurumen-aztarna murriztea, klima-aldaketaren kontrako mundu mailako borrokaren esparruan. “Haren helburu nagusia da elikagai freskoen tokiko ekoizpena handitzea, nekazaritza birsortzailean oinarrituta, eta elikagai horiek tokian bertan kontsumi daitezen lortzea, horrela sektorearen karbono-aztarna murriztuz eta nekazaritzako ekosistemei lotutako lurzoruaren osasuna eta biodibertsitatea hobetuz”, azaldu zuen Borja Rodríguez Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakariak.

Proiektuan zehar, hainbat ekoizpen-sistema probatuko dira, ikuspegi agroekologiko eta birsortzailearekin, tokiko klimara egokitzeko eta ustiapen ekonomikoki eta sozialki bideragarriak lortzeko. Ekoizpen-sistemak honako hauek dira: baratzezaintza biointentsibo birsortzailea, abeltzaintza dibertsifikatua (txandakako artzaintza gidatua), baso-kudeaketa abeltzaintzarekin, laborantza estentsiboak (laboreak txandatzea lore-zerrenda osagarriekin eta landare-estalkiekin) eta baratzezaintza estentsiboa, frutagintza eta abeltzaintza dibertsifikatua. Sistema horiek Basaldean (Nekazaritzako Enpresa Ekologikoen Udal Zentroa, Abetxukun dagoena) eta Monasteriogurengo Kontzejuko zenbait nekazaritza-finkatan garatuko dira, Gasteizko mendietan.

Proiektuaren aurkezpena

Tutoretzapeko ikaskuntza

Ustiapen horiek nekazaritzako test gisa jokatuko dute, hau da, tutoretzapeko ikaskuntzaren esperientzia eskaintzen duten probaguneak izango dira. Hori nekazaritzako eskolen eta ekintzailetzaren arteko egungo arraila osatzeko beharrezko urratsa da, eta, hala, sektorean belaunaldi-erreleboa bermatuko da. Borja Rodríguezen hitzetan, “ikaskuntza bi urte eta erdiko iraupena duten prestakuntza-aldietan egingo da, eta ikasleek eredu horien arabera eta lankidetza-formatuan landatzen ikasiko dute, enpresa propioa sortzea erabaki baino lehen”.

Horrela lortutako ekoizpena merkaturatzeko, ekimenean sartu nahi duten beste ustiategi batzuekin batera, trazabilitate zabaldua duen salmentarako plataforma digital bat sortuko da, hau da, produktuari ekoizpen- eta hornikuntza-kate osoko aztarnari buruzko informazioa sartuko zaio. Informazio hori ingurumen-aldagai batzuen araberakoa izango da eta landa-ikerketa aplikatuaren ondorioz lortuko da. Informazio horrek ekoizlearen historia ere jasotzen du, eta kontsumitzaileentzat eskuragarri egongo da, atributu-sistema sinplifikatu baten bidez. Faktore diferentzial gisa jokatuko du, eta horrek elikagaien hautaketan lortu nahi den aldaketa eragingo du.

“Araudia egokitzeko, gobernantza-tresna gisa sortutako praktika-komunitatearen ikaskuntza eta ezagutza partekatuak hartuko dira oinarri, epe ertainean nekazaritza mota hori komuna izan dadin baldintza onenak sortzeko”, azaldu zuen Rodríguezek. Komunitatea Nekazaritzako Elikagaien Kontseiluan egituratuko da, eta Gasteizko nekazaritzako elikagaien sisteman parte hartzen duten eragile guztiak gonbidatuta egongo dira kontseilu horretara. Komunitateak aztertuko du zer ari den funtzionatzen eta zer oztopo dauden eredu alternatibo horiek indar eta protagonismo handiagoa har dezaten.

Proiektuari lotutako erakundeak honakoak dira: Ingurugiro Gaietarako Ikastegia (koordinatzailea), Coop Cycle, Sustraiak Habitat Design, Javier Chaves Padilla, Eraman Cooperativa, Amaterra, Neiker, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala