eues

Albistea

Gasteizek Green programaren barruko lankidetza figura berria sortu du, Eraztun Berdea lotzeko asmoz

Landaketa

Ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak 'Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012' programaren barruko lankidetza figura berria aurkeztu du, "Eraztun Berdearen babeslea" deritzona. Euskal hiriburuko entitateei Eraztun Berdea ixten laguntzeko aukera emango zaie, etorkizunerako ingurumen proiektu estrategikoa baita.

Eraztun Berdean zuhaitzak landatzeko proposamen integratua da, urtarrilaren 10etik aurrera udalaren webgunean eskuragarri dagoena. Oso prozedura erraz batez -nahikoa da inprimaki bat betetzea- Gasteizko talde eta elkarteek Eraztun Berdea ixten laguntzeko aukera izango dute. Hiriaren ikur naturala den espazio horretan hainbat proiektu eta ekintza bideratzea planifikatu da, espazio horren funtzionaltasun ekologikoa hobetu eta Gasteizko udalerriko azpiegitura berdearen osagai nagusia bihur dadin. "Muga" bakarra dago, gutxienez 3000 euroko ekarpena egin behar dela, baina interesdunak elkartu egin daitezke behar den zenbatekora iristeko. Hartara, ekarpena egiten duten entitate guztiak izango dira "Etorkizunaren sustraiak: 250.000 herritar eta zuhaitz Eraztun Berdea lotzeko" proiektuaren parte.

"Gasteizko eta hiriaren eragin esparruko enpresa, profesional eta mota guztietako entitateengana jotzen dugu, arlo guztietakoengana: produkzioa, hezkuntza, elkarteak, korporazioak eta abar. Hainbat talderen artean sortu den interesa kontuan izanik, eremu guztietara zabaldu dugu parte hartzeko aukera, Eraztun Berderako "Etorkizunaren sustraiak" proiektu estrategikoaren barruan denek lekua izatea nahi dugulako. Horregatik, landatze kolektiboa egiteko leku bat bilatuko dugu, dirua ematerik ez duten baina parte hartu nahi duten taldeentzat", azaldu du zinegotziak.

Proiektuaren helburuak ezagunak dira: Eraztun Berdea guztiz itxi eta hartara espazioaren funtzionaltasun ekologikoa hobetu eta Gasteizko udalerriko azpiegitura berdearen osagai nagusia bihurtzea; Europako Hiriburu Berdea iraunarazten maila ezberdinetan parte hartzeko aukera ematea sektore pribatuari, eta sektore hori Eraztun Berdearen mezenastzat aitortzea ahalbidetzea; gizartea oro har biodibertsitatea sustatzeko eta CO2-ren emisioak neutralizatzeko beharraz sentikortzea, klima aldaketaren kontra borrokatzeko neurria baita.

Zuhaitz landaketaren "aitabitxi" izan eta "Eraztun Berdearen babesle" bihurtu nahi duen enpresak gaurtik aurrera webgunean eskuragarri dagoen prozedura erraz bati jarraitu beharko dio. Alderdi hauek zehazteko aukera izango dute:

1.- Ekintzaren kokapenari dagokionez: entitateak nahiago duen kokapena aukeratu ahalko du planoan eta Eraztun Berdean landatzeko erabilgarri diren lursailei buruzko fitxetan oinarrituz, eta landaketez arduratzen diren udal zerbitzu teknikoek kontuan hartuko dute.

2.-Parte hartzeko moduari dagokionez: ekarpena dirutan egiten den zehaztuko da, eta zenbatekoa -gutxienez 3000 €- edo ekarpena gauzazkoa den, ekintzarekin erlazioa duten lanak edo horniketak egiten dituzten taldeen kasuan. Batean zein bestean, ekarpenaz gain landatzeko boluntario taldeak antolatu daitezke.

3.- Zein ekitalditan parte hartu nahi den: 2013 edo 2014.

Inprimakiak bete eta helbide honetara bidali behar dira: proyectosgreen@vitoria-gasteiz.org

Udal zerbitzu teknikoek aukera bat edo gehiago proposatuko dizkiote parte hartzaile bakoitzari, aurkeztu diren proposamenak eta landatzeko garai aproposak kontuan hartuz, behin betiko akordioa lortzearren; izan ere, baliteke antzeko proposamenak adostu behar izatea. Proiektuan parte hartzen duten entitate guztiek hainbat abantaila izango dituzte kokapen eta ikusgarritasun publikoari dagokionez, eta 2012ko Europako Hiriburu Berdeari ezar dakizkiokeen zerga onurez ere baliatu ahalko dira 2012-2014 ekitaldietan.

Gezia Eraztun Berdearen erakunde babesleen webgunea

 

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala