Gasteizek eta Kanadako Windsor hiriak ezagutzak partekatu dituzte, hirien arteko nazioarteko lankidetzarako europar programa baten barruan
Kanadako Windsor hiriko ordezkaritza tekniko batek Gasteiz bisitatu zuen uztailean, hirien arteko nazioarteko lankidetzarako IUC (International Urban Cooperation) europar programaren barruan. Programaren helburua da Europako hiriek eta munduko beste hiri batzuek ezagutzak partekatzea. Windsorreko erakundeen ordezkariek bertako jardunbide iraunkorren adibideak aztertu zituzten hainbat arlotan: mugikortasuna, energia-aurrezpena, klima-aldaketaren kontrako borroka eta naturaren zein biodibertsitatearen babesa.
Hauek osatzen dute Windsorreko udaleko ordezkaritza: Josette Eugeni, Mugikortasun Planaren zuzendaria; Gregory Atkinson, garapen ekonomikoaren eta ingurumenaren babesaren alorreko politiken goi mailako planifikatzailea, eta Karina Richters, ingurumen iraunkortasunaren eta klima aldaketaren alorreko ikuskatzailea. Haiekin batera etorri da IUC europar programaren Kanadarekiko koordinatzaile Lisa Cavicchia.