Gasteizek datorren hamarkadarako nekazaritzako elikagai-sistema jasangarria garatzeko ekintza plana esleitu du
Gasteizek datorren hamarkadarako nekazaritzako elikagai-sistema jasangarria lortzeko ekintza plan bat landuko du, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez. Lan horrek tokiko ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko lotura sustatu behar du, xede hauekin: klima-aldaketara egokitzeko gauza izatea, haren aztarna ekologikoa murriztea, sistemaren inguruan jarduera ekonomikoa sustatzea, herritar oro elikagai osasungarriez hornitzea, ohitura osasungarriak sustatzea, nekazaritza eremuetako herrietako jarduera tradizionalak eta lurra babestea, eta gardentasuna eta elikagaiek daramaten informazioaren benetakotasuna sustatzea.
Hain zuzen ere, CEAren kontseiluak gaur goizean onetsi du plan hori idazteko laguntza teknikoa esleitzea. Aurrekontua 35.000 euro da, eta hautatutako enpresak sei hilabete izango ditu lana burutzeko, CEAk eta sailarteko lan-talde batek emandako datuetan oinarrituz. Enpresak informazio saio bat antolatuko du nekazaritzako elikagaien estrategiarekin zerikusia duten agenteentzat, eta estrategiaren garapena aldian behin berrikusteko jarraipen-sistema ere landuko du. Ekintza planerako epe ertainerako helburua (2017tik 2025era) ezarri da, eta 2016ko azaroan partaidetza-saio batean eztabaidatu zen oinarrizko dokumentua hartuko du erreferentziatzat.
Orobat, 2015ean udalerriko nekazaritzako elikagaien sistemaz egindako aurretiazko analisia du Udalak, eta hori berrikusi eta osatzeko partaidetza-prozesu bat bideratu du. Aipatutako prozesua 2016ko lehen seihilekoan garatu da, eta guztira 105 pertsonak hartu dute parte; lantegietan 224 asistentzia zenbatu dira. Fase horren amaieran, ondorioen agiria landu da, zeinean hogeita bat helburu eta lehentasunezko neurriak jaso baitira.