Gasteizek CONAMAn proiektatuko du bere Green Deala hedabideen Klimaren aldeko Itun baten, zientzialarien eta ikertzaileen eskutik
Ingurumenaren Biltzar Nazionala (CONAMA) iraunkortasunari eta ingurumen-politikei buruzko topaketa nagusia da, eta bertan berezko argiz distiratzen du Gasteizek hainbat urtetik hona; aurten, 1.200 aditutik gora bilduko ditu Madrilen. “Gure hiria erreferentea da beste hiri eta erakunde askorentzat ingurumen-arloko politikak hartzeari dagokionez; hiru faktoreri esker da hori: Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko eta Udalaren beste atal batzuetako (hala nola Espazio Publikoa, Ingurumena, Hondakinak, Ekonomia-sustapena eta Hirigintza) teknikariek duten aintzatespena; enpresek, unibertsitateek eta erakundeek hiri berdetik ekonomia berdera igarotzeko duten engaiamendua, eta bi ekimenak (publikoa eta pribatua) herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzan eta gure planeta zaintzearen kontzientziazio eta errespetu handiagoan elkar daitezen herritarrek duten konpromisoa”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak.
Aurten, Udalak bere Green Deala zientzialarien eta ikertzaileen eskutik proiektatuko du saio dinamiko batean, eta tokiko hedabideen Klimaren aldeko Itun bat sinatzearekin, ekainaren 2an. Egun horretan, halaber, Gorka Urtaran alkateak hiri-eredua partekatuko du Madrilgo, Zaragozako eta Valladolideko alkateekin eta Bartzelonako Diputazioko Klima Ekintzako arduradun gorenarekin.
Orobat, ingurumen-adituen eta -profesionalen topagune garrantzitsu horretan, Gasteizek azalduko ditu hondakinen kudeaketan, urbanismo taktikoan, mugikortasunean, industria-hondakinen berrerabiltzean eta ekodiseinuan egin dituen azken aurrerapenak, Gasteiz ekonomia zirkularrari, hiriko azpiegitura berdeari, trantsizio energetikoari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari loturiko politiken abangoardian egonarazten duten beste hainbat ekimenen artean.
Egitaraua egunez egun
CONAMAko Gasteizko ordezkaritza maiatzaren 31n (astelehena) estreinatuko da, bolumen handiko hondakinen bilketa-proiektuagatik hondakin-kudeaketako udal-esperientziaren proiektu onena duten 5 hirien artean aukeratu baita Gasteiz. Gainera Birgurpil proiektuari buruz hitz egingo da. Saio horretan, Gasteizko Udalaren Hondakin Atalaren esperientziaz gain, hondakinen kudeaketaren gaur egungo eta etorkizuneko egoerari buruz toki-entitateetako hondakinen arduradunei egindako iritzi-azterketaren emaitzak aurkeztuko dira, eta hondakinen udal-kudeaketari loturiko zenbait gaitako esperientziak eta jardunbide egokiak aurkeztuko dira.
Ekainaren 1ean, lehengaien sarrerari, hondakinak sortzeari eta ekonomia zirkularreko ereduetarako trantsizioa antolatzeko dauden edo egon daitezkeen sinergiei heltzen dien azterlan diagnostikoa azalduko du Ekonomia Sustapenerako Saileko enpresa-zerbitzuak. Azterlanaren arabera, orain industrialdeetan aprobetxatzen ez diren hondakinen % 58 ekoizpen-prozesuetan berrerabil litezke. Txostenak, zeina arestian aurkeztu baitute alkateorde Maider Etxebarriak eta Elkarrekin taldeko zinegotzi Garbiñe Ruizek (biak han egongo dira egun horretan), oinarriak ezartzen ditu isuriak murriztearen, lehengai-erosketan aurreztearen eta horrenbestez enpresetan kostuak murriztearen ondorioz ingurumen-etekinak lortzea ahalbidetuko duten industria-sinergiak gauzatzeko. Astearte arratsaldean izango da aurkezpen hori, “Industria-sinbiosiko eta 4.0 industriako erremintak” lantaldearen barruan.
Egun berean jakingo da zer enpresak irabazi duen CONAMAn antolatutako ekodiseinu-lehiaketa; horrekin saria ematen zaie iraunkortasun- eta ingurumen-helburuak dituzten diseinuaren arloko proiekturik nabarmenenei. Atal horretan ere gailentzen da Gasteiz. Gasteizko 4 enpresa daude lehiaketako 8 finalisten artean: A&B Laboratorios de Biotecnología SAU, Kliner Profesional SA, Recyycle eta Ecopaja bioconstrucción modular SL.
Alkateen topaketa
Ekainaren 2a da Gasteizen egun nagusia CONAMAn. Izan ere, egun horretan Gasteizko Green Deala izango da hiru ekitaldi lotuko dituen haria, zeinekin Gasteizek hiriaren aldeko eta hurrengo belaunaldien etorkizunaren aldeko itunaren bere eredua eta planetaren aldeko itun bat ere proiektatuko baititu. “Gure bizi-kalitate handia sendotzeko eta etorkizun ekonomiko eta sozial sendo eta bideragarri baten oinarriak finkatzeko itun bat, akordio zabal eta plurala, zeinak jarraitu beharreko zeruertzari buruzko askotarikoak baina osagarriak diren ikuspegiak txertatu nahi baititu”, gogorarazi du Gorka Urtaran alkateak, zeinak egun horretan goizari hasiera emango baitio Madrilgo alkate José Luis Almeidarekin, Zaragozako alkate Jorge Azcónekin, Valladolideko alkate Oscar Puenterekin eta Bartzelonako Diputazioko Klima Ekintza Saileko lehendakari Xesco Gomarrekin egingo duen topaketaren bidez. “Hirietan nahi dugun berroneratzea” izeneko solasaldia egingo dute alkateek.
Hedabideen ituna
Alkate-topaketa hori amaitu ondoren, CONAMAko areto nagusian Klimaren aldeko Ituna sinatuko dute tokiko hedabideen zuzendariek. Akordioak, zeina Green Dealaren barruan baitago, honako hedabide hauen konpromisoa jasoko du: El Correo, Diario de Noticias de Álava, Gasteiz Hoy, EITB, RTVE, Cadena Ser, Radio Vitoria, Atresmedia Euskadi, Agencia EFE, Radio Gorbea, COPE, Onda Vasca, elDiario, Crónica Vasca eta Alea Aldizkaria.
Gasteizko lehenengo mailako ikerlariak
Gasteizko Green Deala, zeina ekonomia berdean, gizarte-kohesioan eta natura-ingurunea babestean oinarritua baita, hitzetatik egintzetara igarotzeko aukera ematen duten eta eragin nabarmena sortzen duten ekintzak egitearekin zehazten ari da, eta datorren eta beharrezkoa den eraldaketari heltzen dio. Arratsalde horretan bertan, hainbat arlotako itzal handiko ikertzaile eta zientzialariek hiri-itun handi horren inguruan Gasteizen dagoeneko egiten ari diren proiektuak azalduko dituzte CONAMAn.
Hala, CIC energiGUNEko Biltegiratze Termikoaren Ataleko zientzia-zuzendari Elena Palomok puntako bi proiekturen berri emango du “Bero-ponparen esparruko proiektu eta aukerak” eta “Energia-efizientzia industriaren esparruan” gaiei buruzko bere hitzaldiekin.
Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuak hitzaldi hauek izango ditu: José Aurelio Cordero epidemiologoaren “Osasuna eta klima-aldaketa” eta Arabako Unibertsitate Ospitaleko Loaren Unitate Funtzionaleko itzal handiko buru Carlos Egearen hitzaldia, zeinak Gasteizen egingo den “Sleep Smart City” proiektu berriaren aurrerapena egingo baitu.
EHUko Farmaziako irakasle Gorka Orivek eta Arabako Osasun Mentaleko sareko farmazia-ataleko buru Unax Lertxundik “Basque Sustainable Pharmacy. Gorabidean dauden kutsatzaileak analizatzeko proiektua, farmakoek ingurumenean duten eragina”.
BC3 Basque Centre for Climate Change-ko ikertzaile Julia Neidig-ek ezagutzera emango du “REVALUE: Relational Values in Urban Environments: A transdisciplinary approach” proiektua, zeinarekin lankidetzan jarduten baitu Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak.