eues

Albistea

Gasteizek bere ingurumen eredua aurkeztuko du CONAMAn, eta Eraztun Berdearen 25 urteak aztertuko

Gasteizko Udalak paper protagonista izango du CONAMA-Ingurumenaren Biltzar Nazionalaren 14. edizioan, zeina azaroaren 26tik 29ra arte egingo baita, Madrilen. Gasteizko Udalaren parte-hartze nabarmena izango da bi urtean behingo topaketa horretan, zeina estatu mailan erreferentziazkoa baita ingurumenaren alorrean.

CONAMAren aurtengo lema “RUMBO 20.30” da, “ iraunkortasuneranzko trantsizioa azkartzeko mezua helarazteko gizarte osoari”. “ Asmoa da 2018ko CONAMAk bultzada ematea NBEren 2030 Agendaren eta EBren 2020, 2030 eta 2050erako helburuen barruan hiriek beren gain hartutako konpromisoak betetzeko”. Programa bederatzi ardatzetan banatzen da: energia, mugikortasuna, hiri-berrikuntza, landa-garapena, biodibertsitatea, ura, ingurumen kalitatea, hondakinak, eta ekonomia eta gizartea.

Gasteizko Udalak parte hartuko duen lehen ekitaldia azaroaren 27an (asteartea) egingo da. Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak antolatutako jarduera izango da, Gasteizko ekonomia iraunkorra eraikitzen duten konexioak” izenburua duena. Tokiko enpresak ekonomia iraunkorraren alorrean jorratzen ari diren hiru jarduera-ildo aurkeztuko ditu Udalak. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuarekin lotutako ekimenak, klimaren aldeko ekintzak eta erronkak lortzeko aliantzak dira. Proiektuak aurkezteko, Asier Urbina sukaldariak erakustaldia egingo du, María Clé diseinatzaile gasteiztarrak Ecoembesentzat egin duen diseinu jasangarriaz lagunduta. Nerea Melgosa zinegotziak ere hartuko du parte.

Azaroaren 29an izango du presentzia handiena Gasteizek. Izan ere, Ingurumen Sailak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak “areto dinamiko” bat antolatuko dute, Eraztun Berdearen 25 urteak erakusteko. Gasteizen garatutako proiektu eta ekimenak laburtuko dira, eta etorkizunerako lantzen ari diren ekimenen berri emango da. Teknikari eta politiko ugarik hitz egingo dute, 15:30etatik aurrera. Horretaz gain, alkateak beste agintari politiko batzuekin batera jardungo du CONAMAren amaiera-saioan; “hiriko natur agenda” landuko dute, ingurumenaren ikuspegitik.

Iñaki Prusilla zinegotziak osatuko du Gasteizko Udalaren presentzia, “naturan oinarritutako irtenbideak” (29an goizez) aztertzeko lantalde batean eta “gobernantza energetikoa eta herritarren partaidetza” (28an arratsaldez) gaitzat duen eztabaidan parte hartuko baitu. IGIko Green Lab-eko proiektuak ere aurkeztuko dira zenbait komunikazio tekniko eta posterretan.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala