Gasteizek bat egin du European Green Capital sareak garapen jasangarrirako abiatu duen ekintza-deialdiarekin
Gasteizek bat egin du, European Green Capital sareko beste 17 hirirekin batera (Europako Hiriburu Berde izan diren edo finalista geratu diren udalerriek eratzen dute sarea), garapen jasangarriaren aldeko ekintzarako deialdiarekin. Gorka Urtaran alkateak gaur goizean sinatu du Arabako hiriburua ‘Call for Action’ ekimenera atxikitzeko agiria, klima-aldaketaren aurkako politikak garatzean hiriek duten garrantzia gogorarazteko xedez. Agiria gaur goizean aurkeztu da 2018an Europako Hiriburu Berde izendatu duten Nijmegen hirian, eta Nazio Batuek klima-aldaketaren aurka antolatu duten 24. biltzarrean (COP24) jorratuko da, Katowice-n (Polonia).
Europako biztanleen hiru laurden bizi dira hiriguneetan, eta, aurreikuspenen arabera, joera horrek gora egingo du. Horregatik da hain garrantzitsua hirietan egiten den lana. Gutun horren bidez, hiri «jasangarriago, osasungarriago eta bizigarriagoa» izatea ahalbidetuko duten politikak garatzeko konpromisoa hartu du Gasteizek, sarean dauden gainerako hiriekin batera. Horretarako, ingurumenarekin zerikusia duten proiektu zehatzak sustatuko dituzte atxikitako hiriek; green irtenbideak txertatuko dituzte, eta biodibertsitatearen eta berdeguneen alde egingo dute lan, bai eta pertsonen bizi-kalitatea jasangarritasunetik areagotzea ahalbidetuko duen edozein irtenbideren alde egin ere. Hori guztia, beste hiri batzuekin partekatutako lankidetza-estrategiatik abiatuta.