Gasteizek 280.000 euro lortu ditu Europako bi diru-laguntzaren bidez hiri-mugikortasun iraunkorreko proiektu berritzaileak garatzeko
Gasteizek hiri-mugikortasun iraunkorreko bi programa berritzaile europarretan hartuko du parte, eta 280.000 euroko diru-laguntza jasoko du hori dela eta. Europar Batasunaren Horizon 2020 programan hautatutako bi proposamen dira. Proiektuak irailean abiaraziko dira, eta hiru urtez garatuko.
Park4SUMP eta CityChangerCargoBike izeneko proiektuen bidez, hobekuntzak proposatu eta frogatuko dira aparkalekuen alorrean eta zama-bizikleten erabileraren sustapenean. Gainera, mugikortasunaren alorreko europar adituek aholkularitza emango dute, eta partzuergoetako kide diren hirietan azterlanak eta proiektu pilotuak finantzatuko dira.
Orotara, CEAk 280.000 euro jasoko ditu europar funtsetatik, bi proiektuetan erdibanatuta. Park4SUMP partzuergoan, besteak beste, Rotterdam, Freiburg, Kraków eta Trondheim hiriek hartzen dute parte. CityChangerCargoBike izenekoan, berriz, Donostia, Cambridge, Utrecht eta Kopenhagerekin partekatuko ditu esperientziak eta ezagutzak, besteren artean.
Hasi da POSIDON proiektua, lurzoru kutsatuen leheneratzea landuko duena
Bestalde, otsailaren 7 eta 8an POSIDON (POlluted SIte DecontaminatiON) proiektuaren abiatze bilera egin zen Trieste hiri italiarrean. Proiektu horretan ere CEAk hartzen du parte Gasteizko hiriaren izenean. Italia, Portugal, Espainia eta Belgikako bazkideez osatutako partzuergo baten bidez, lurzoru kutsatuak leheneratzeko teknika berriak garatzeko ikerlanak egingo ditu. Horretarako, merkaturatze aurreko erosketa publikorako prozedura bat abiaraziko da Europa mailan, teknologia berriak garatu daitezen lurzoru kutsatuak despoluitzeko. Gaur egun, zoruak mugitzea eta zabortegira botatzea da egiten dena.
Gasteizko Udala teknologiaren lizitatzailea izango da eta prozesuaren behatzaile gisa jokatuko du. Gasteizek 46.687,5 € jasoko ditu lan horien truke.