eues

Albistea

Gasteiz CONAMAko protagonista izango da bere itun berdearekin

Gasteizko Udalak paper garrantzitsua izango du Ingurumenaren Biltzar Nazionalean, zeina azaroaren 28tik 30era bitartean egingo baita, Madrileko Biltzar Jauregian. CONAMA ingurumenaren alorreko Estatuko ekitaldi garrantzitsuena da, eta Arabako hiriburua ere –Green Capital 2012– joango da foro ireki, plural eta parte-hartzaile horren 13. ediziora; garapen iraunkor, berritzaile, bideragarri eta lehiakorrean oinarritutako eredu batera iristeko estrategiak aztertuko dira, Europar Batasunaren lehentasunen ildotik. Gorka Urtaran alkateak azaroaren 28ko inaugurazio-jardunaldian hartuko du parte, eta protagonista izango da hiriek helburu globalekin duten konpromisoari buruzko mahai-inguru batean. Aipatutako saioan beste hauek hartuko dute parte: FEMPko Klimaren aldeko Hirien Sarearen lehendakari eta Sevillako alkate Juan Espadas, Málagako alkate Francisco de la Torre, Zaragozako alkate Pedro Santiestevan, eta Manresako alkate Valentí Junyent. Ingurumeneko zinegotzi Iñaki Prusilla eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa era joango dira ingurumen alorreko hitzordura.

Aurtengo CONAMA biltzarraren lematzat “Erantzuna berdea da” aukeratu dute, eta besteak beste, ekonomia zirkularra abian jartzea, biodibertsitatea, eta klima-aldaketa arintzea eta hartara egokitzea aztertuko dira. “Energia, eraginkortasuna eta klima-aldaketa, mugikortasuna, hiri-biziberritzea, nekazaritza garapena, biodibertsitatea, ura, ingurumen kalitatea, ekonomia berdea… alor horietan eta beste batzuetan gure hiria liderra da, eta horretaz arituko dira Udaleko teknikariak beren txostenetan”, azaldu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak. Udaleko hamar aditu inguruk hartuko du parte jardueretan.

“Gasteizko Udaleko langileek ospe handia dute ingurumenaren alorrean, eta oraingoan ere Udalaren ordezkaritza garrantzitsua izango da. Hitzaldi eta ponentzietan jardungo dugu: Gasteizko nekazaritzako elikagaien estrategia eraikitzeko partaidetza-prozesuaz; hirietan osasuna, mugikortasuna eta airearen kalitatea planifikatu eta kudeatzeaz, eta herritarrek horrelako prozesuetan izan beharreko inplikazioaz. Orobat, gure ikuspuntua azalduko dugu azpiegitura berdearen estrategiez eta etorkizuneko erronkez, hiriak klima aldaketari egokitzeaz, kontsumo arduratsuaz… Koroatzearen auzoko birgaikuntza energetikorako proiektua ere aurkeztuko dugu”, azaldu du Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren zuzendari Ainhoa Etxeandiak.

Itun Berdearen aurkezpena

Gasteizko Udalak lehenengo aldiz aurkeztuko du Ingurumenaren Biltzar Nazionalean (CONAMA) Itun Berdearen bidez ekonomia berdearen alde egindako apustua. Ekimen hori 2012an sortu zen, Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izendatu zutenean, ingurumenaren alde egin duten enpresak eta enpresen alorreko entitateak ikusarazi eta nabarmenarazteko.

“Bostgarren urteurrena bete duelarik, Itun Berdea sendotu egin da, gizarte berrikuntzarako oso esperientzia interesgarria baita, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan oinarritua; Itun Berdearen barruan erakunde orok du esatekorik, jarduera-sektorea edo tamaina edozein delarik, enpresa handiek txikiengandik ikas dezakete, eta enpresa txikiek aukera dute handiekin espazioa partekatzeko, jende guztiak jartzen baitu zerbait, jende guztiak eransten du”, azpimarratu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Datorren asteazkenean, azaroak 30, Madrileko biltzar jauregiko erakustoki nagusia Euskadiko hiriburuko “etxadi berdea” bihurtuko da bi ordu eta erdiz: Udalak, enpresa gasteiztar batzuek eta hiriko sukaldari batek Gasteizko ekonomia berdea nola “prestatzen” den erakutsiko diete.

Itun Berdearen aurkezpena 12.00etatik 14.30era izango da, erakusketa-eremuaren erdian jarritako espazio ireki batean, “50 irudi eta sukaldaritza erakustaldi bat Gasteizko ekonomia berdea dastatzeko” izenburuaren pean, eta bi ataletan banatuta. Lehenengoan, Udalak eta Itun Berdearen barruko bost enpresak “pecha kucha” aurkezpen bat egingo dute; “pecha kucha” aurkezteko teknika japoniarra da, eta ideiak bakarrik irudien bitartez azaltzean datza. Gasteizko Udalaren ordezkari batek Itun Berdea nola sortu zen eta nola garatzen ari den azalduko du. 15 iruditan. Ondoren, AB Laboratorios, Lumínica Ambiental, Airestudio, Intelligent Parking eta Soprener enpresetako ordezkariek 7 minutu eta 7 irudi baliatuko dute beren proiektuak eta Itun Berdean izandako esperientzia kontatzeko.

Sukalki jatetxeko sukaldarietako bat arduratuko da aurkezpenaren bigarren atalaz, Txema Pascualek (Artepan) eta Saúl Gilek (Gil Berzal upategiak) lagunduta. Arabako produktuak baliatuz sukaldaritza erakustaldia egingo dute, eta bertaratuek berek pintxoak egiteko (eta jateko) aukera izango dute. Osagai bakoitzak hirietan ekonomia berdea garatzeko oinarrizko kontzeptu bat irudikatuko du. Dinamika horren helburua da publikoaren eta hizlarien artean elkarrizketa sortzea, ekonomia berdeak udalerrien garapen ekonomikoa ardazteko duen etorkizuna hizpide hartuta.

Gasteizko Udalak Itun Berdearen barruko gainerako enpresak ere gonbidatu ditu aurkezpen horretara, CONAMA oso interesgarria izan baitaiteke haientzat harremanak landu eta joera berriak ezagutzeko. Bidaia errazte aldera autobus bat antolatu da: azaroaren 30eko goizeko 7etan irtengo da.

Sukaldaritza lantegiaren aurretik, Gasteizko ordezkaritzak Circular Basque ekimenaren aurkezpenean hartuko du parte; Innobasque, Aclima eta Ihobek sustatutako jarduera “Ekonomia zirkularraren ideia-azeleragailua” deritzon standean garatuko da.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala