Formatu handiko 40 lanek ilustrazio zientifikoa hurbilduko dute Ataria zentrora eta Arabako parketxeetara
Imanol Zabaleta IGIko zuzendariak, Natividad López de Munain Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Saileko zuzendariak eta José Antonio Morlesin ilustratzaile eta EHUko irakasleak hasiera eman diote gaur goizean Salburuko Ataria Interpretazio Zentroan, 2009an Miquel Baidal Cresporen koordinaziopean jaiotako “Illustraciencia” izeneko erakusketari.
Bertan, Zientzia eta Naturako Ilustrazioaren Nazioarteko Sariaren zazpigarren edizioan aukeratutako 40 lan izango dira ikusgai, formatu handikoak (45×60 cm). 400 ilustrazio baino gehiagoren artean epaimahai profesional batek egindako aukera honetan , landareak, animaliak eta elementu geologikoak ikusiko ditugu. Teknika desberdinak erabili izan dira lanetan, esaterako grafitoa, akuarela edo marrazki digitala, baina akabera estetiko ederrekoak dira den-denak, betiere ilustrazio zientifikoaren diziplinak ezaugarri duen zorroztasun zientifikoaren bidetik.
“Ilustrazio zientifikoari ikusgarritasuna ematea da ‘Illustraciencia’ erakusketaren helburuetako bat, eta hori unibertsitate, museo, liburutegi eta zientziaren dibulgazioarekin konprometituta dauden beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeari esker lortzen da. Horrela, proiektua, ilustratzaileak, erakundeak eta gizartea onuradun izango dituen harremana ezartzen da”, azpimarratu du IGIko zuzendari Imanol Zabaletak.
Bestalde, Hirigintza eta Ingurumeneko foru zuzendariak nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da sormenaren eta artearen bidez herritar guztiengana iristea. Ikerketa zientifikoa funtsezkoa da, baina ezinbestekoa da hura zabaltzea, publiko orokorrarengana iritsi ahal izateko. Izan ere, ezagutza, gure ingurunea zaintzeko beharrezkoa dugun kontzientziazioaren eta sentsibilizazioaren euskarria da.
Erakusketa Ataria interpretazio zentroan izango da lehenik, eta Arabako Parke Naturaletako parketxeak bisitatuko ditu gero. Bertan ikusiko ditugun koadroen artean Elvis Antonio Salazar Jorqueraren Passeriformes de Santiago de Chile eta Paulo Prestiren Threadfin morphology lanak daude, biak sarituak, lehena ilustrazio naturalistako kategorian, eta bigarrena ilustrazio zientifikoko kategorian.
Gainera, aurtengo edizioan euskal artisten lanak ere izango dira, esaterako Amaia Torres Piñeiro donostiar gaztearen Disección de un caqui, eta Mikel Rodríguez Hidalgo arrasatear artistak zelakantoei buruz egin duen infografia.
Illustraciencia MNCN-CSICek eta Kataluniako Komunikazio Zientifikoko Elkarteak (ACCC) koordinatutako proiektua da, Zientzia eta Teknologiaren aldeko Espainiako Fundazioaren (FECYT), Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta La Caixa Fundazioaren laguntzarekin.
Erakusketa abenduaren 12ra arte egongo da zabalik Salburuko Interpretazio Zentroan, asteartetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Datorren urtean Arabako Parke Naturaletako parketxeetara iritsiko da. Horrela, 2022ko lehen hiruhilekoan, erakusketa Valderejon egongo da, ondoren Izkira joango da, eta, amaitzeko, Gorbeiara.
Aurrekariak
Zientzia eta naturako ilustrazioaren nazioarteko lehiaketan sortzen da “Illustraciencia” erakusketa. Lehiaketa horren edizio bakoitzean 40 lan aukeratzen dira, zientzia gizarteari hurbilduko dion erakusketa ibiltari bat sortzeko. Hautatutakoen artean, eta bere helburua kontuan izanik, ‘Illustraciencia’-k diruz saritzen du irabazlea. Halaber, hautatutako ilustrazioak katalogo ireki, birtual batean biltzen dira, eta webgune honetan deskarga daiteke.