Euskal Herriko Unibertsitatearen tesi baten arabera, Salburua araztegi natural bikaina da
Salburuko hezeguneek berebiziko garrantzia daukate bertako urmaeletan azaleratzen diren lurrazpiko uren arazketan. Horixe da Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria den Miren Martínezek bere doktore tesian atera duen ondorio nagusia. Mirenek bost urtez aztertu ditu Arabako Lautadaren azpian dagoen akuiferoaren, nekazaritzaren eta hezeguneen artean dauden erlazioak.
Ikerketak erakutsi duenez, nekazaritzan gehiegi erabiltzen diren ongarrien ondorioz nitrato kantitate handia daukaten lurrazpiko urek asko hobetzen dute kalitatea Salburuko hezeguneetan azaleratzen direnean. Arazketa natural honen eragileak lurzoruko bakterioek ahalbidetzen duten desnitrifikazioa eta landaredi urtarraren jarduera omen dira.
Finean, Salburuko hezeguneak leheneratzeak beste eragin onuragarri bat daukala egiaztatu ahal izan da. Hala ere, oraindik oso kezkagarria da lurrazpiko urek nekazaritzatik datozen ongarrien ondorioz pairatzen duten kutsadura. Zentzu honetan, ez dirudi eragin askorik izan duenik Eusko Jaurlaritzak eskualde hau "nitrato bidezko kutsadurarekiko zaurkorra" zela adierazteak.