Europar Batasunak oso ongi nota eman dio Vitoria-Gasteizko ingurumen politikari
Vitoria-Gasteizek beste ezagutza bat gehitu die Erdi Aroko harresia berreskuratzeagatik berriki jasotako Europa Nostra sariari eta etxebizitzaren, garapen iraunkorraren, garraioaren eta irisgarritasunaren alorretako jardunbide egokiak direla eta NBEk ematen dituen sarietarako hautagaitzari. Izan ere, hirugarren geratu da 2012an eta 2013an Europako Hiriburu Berdea izateko hautagai ziren sei hirien artean. Batez beste 10 puntutik 7,5 eman diote, baina airearen kalitateari dagokionez cum laude nota eta klima aldaketaren kontrako borrokan zein hondakinen kudeaketan bikain nota jaso ditu hiriburuak. "Horixe da benetako saria, Europar Batasunak aitortu izana Vitoria-Gasteiz ingurumenaren alorrean Europako hiri garrantzitsu eta iraunkorrrenetako bat dela", nabarmendu du Patxi Lazcoz alkateak, eta gehitu du: "horrek agerian jartzen du gure hiriak bizitza kalitatea inbidiagarria duela bere ingurumen osasunari esker".
Vitoria-Gasteizek aurrea hartu die sailkapenean ingurumenaren alorrean nabarmendu diren hainbat hiriri, hala nola Bolonia (Italia), Murtzia (Espainia), Glasgow (Ingalaterra), bai eta estatu hiriburu zenbaiti, Erroma (Italia) eta Ljubljana (Eslovenia), esaterako. Bartzelona (Espainia), Malmö (Suedia), Nantes (Frantzia), Nurenberg (Alemania) eta Reykjavik (Islandia) hiriekin batera igaro du azken galbahea. Ingurumen irizpide ugari kontuan hartzen dituen zerrenda baten arabera aztertzen dira hiriak, eta adituek gureak duen ingurumen ahalmena nabarmendu dute.
Finalera igaro dela jakin ondoren, hautagaitzaren aldeko beste datu batzuk aurkeztu beharko ditu Udalak, besteak beste, hiri bizitzaren baldintzak hobetzeko planak eta gerorako ekimenak.
Urrian jakingo da epaimahaiaren azken erabakia, oraingo Hiriburu Berdean, Stockholmen.