Europako Hiriburu Berde' udal ordezkaritza Stockholmera bidean da
2012 edo 2013ko Europako Hiriburu Berdea hautatzeko epaia bihar, urriak 21, jakingo da, Stockholmeko udaletxean egingo den ekitaldian. Udal ordezkaritza, Patxi Lazcoz alkatea buru, gaur goizean abiatu da Suediako hiribururantz. "Ilusioz beteta abiatzen gara, Europako beste bost hiriekiko lehia zaila dela jakitun. Edonola ere, Vitoria-Gasteizek irabazi egin du dagoeneko", adierazi du alkateak.
Udal ordezkariek Eusko Jaurlaritzak 2012 edo 2013ko Europako Hiriburu Berdea izateko hautagaitzari emandako sostengua jaso dute. Prentsa komunikatu batean adierazi dutenez, "Vitoria-Gasteizko Udala erreferente da EAEn zein Europa osoan ingurumena babestearen zein onik zaintzearen alde egin duen apustu eta hartu duen konpromiso politikoagatik, bere egintzen iraunkortasunagatik eta herritarren bizitza kalitateagatik". Gainera, Euskadik Bruselan duen ordezkaritzak ere laguntza adierazi du, erakunde horren ordezkari Marta Marínen bitartez.