Europako bost hirik Vitoria-Gasteiz bisitatu dute hemengo bizikleta mugikortasuna ezagutzeko
Bolzano (Italia), Brighton-Hove (Erresuma Batua), Mannheim eta Postdam (Alemania), Estrasburgo (Frantzia) eta Vitoria-Gasteiz dira European Biking Cities sarea osatzen duten hiriak. Clean Air proiektuaren baitan, europar hirien aire kalitatea hobetu nahi dute bizikletaren sustapena bitarteko gisa erabiliz.
Hiriotako bisitariek Vitoria-Gasteizek bizikleta mugikortasunaren esparruan dituen azken berrikuntzak ezagutu ahal izan zituzten hiriko kaleetan barrena bizikletaz egin zen bisita baten bidez. Ondoren, lan bilerak egin ziren maiatzaren 22 eta 23an, hiri bakoitzak bizikletaren erabilera bultzatzeko dituen ideiak eta proiektuak komunean jartzeko.
Bisita baliatu zen hiri horietako teknikariek oinezkoen eta txirrindularien arteko bizikidetza nola kudeatzen duten ezagutzeko. Hitzaldi bat antolatu zen Aldabe gizarte etxeak sortutako Bizikletaren Astearen baitan, CEAren laguntzarekin.
Hiriotako mugikortasun arduradunek oinezkoen esparruetan oinezkoen eta txirrindularien arteko elkarbizitza hobetzeko gauzatu diren neurriak azaldu zituzten. Kontuan izan behar da hiri horietan bizikletaren erabilera hemen baino handiagoa dela (txirrindularien %28 Bolzanon, %14 Estrasburgon, %24 Postdamen). Europa mailan aplikatzen ari diren ekintzak oso antzekoak dira kasu guztietan:
- Bizikletentzako azpiegitura espezifiko gehiago sortzea.
- Bizikleten zirkulazioa erregulatzea oinezkoen eremuetan eta espaloietan, bai haiek guztiz debekatuz bai baimen ordutegiak ezarriz.
- Oinezkoen esparruetan modu baketsuan elkarrekin bizitzeko hezkuntza kanpainak.
- Txirrindularientzako arauak ezagutzera emateko kanpainak.
- Azken neurri gisa, arauak betetzen ez dituzten txirrindularientzako isunak.