Europak Gasteiz aukeratu du Europako lehen hiri adimendun eta klimatikoki neutroetarako
Europar Batasunak Climate-Neutral and Smart Cities misiorako aukeratu dituen 100 hiriak jakinarazi ditu eta Gasteiz izango da hiri horietako bat, jasangarritasunaren aldetik Europako hirik anbiziotsuenetakoa. EBeko Estatu Kideetako 100 hiri horiez gaiz, atxikitako herrialdeetako eta integrazio-prozesuan dauden herrialdeetako beste 12 hiri ere izango dira.
Erabakia jakin berritan, Gorka Urtaranek zoriondu egin ditu herritarrak, udaleko talde tekniko guztietako langileak, eta hautagaitza babestu zuten hiriko hainbat sektoretako 30 erakunde, enpresa eta ordezkari baino gehiago. “Europak gaur Gasteiz hiri eredugarria, kontinentean neutraltasun klimatikoa lortzeko itsasargia, dela ebatzi izana urrats erraldoia da agintaldi honetako helburu nagusietako bat lortzeko: Gasteiz Europako abangoardiako hiria izatea, ondo konektatuta dagoen hiria, zerbitzu publiko onak dituena, bizi kalitatea duena, ekonomikoki lehiakorra dena eta ingurumenaren arloan erreferentziazkoa. Hau da, gaur beste urrats bat egin dugu Europako superhiria bihurtzeko”, adierazi du alkateak.
Halaber, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek aitortza-mezua helarazi die Climate-Neutral and Smart Cities misioaren barruan hautatu dituzten hiriei. “Hiri horiek erakusten digute etorkizun osasungarriago lortzeko jarraitu behar dugun bidea. Lagundu egingo diegu! Gaur hasiko gara lanean”, berretsi du gobernu komunitarioko buruak.
Gasteizek mugikortasun jasangarrian dituen estrategiak, hiriko plangintza berriak defendatzen duen hiri-eredua, Integratutako Eraldaketa Energetikorako Ekintza Plana, Estrategia Zirkularra, hiria berroneratzeko eta bizilekuak birgaitzeko politikak, GJHekin duen konpromisoa, eta hiriko azpiegitura berdearen moduko proiektuak dira, besteak beste, Europar Batasunaren babesa jaso duen hiriaren hautagaitzan dauden proposamenak.
Europako Batzordearen asmoa da Misioa eraldaketa ekonomiko eta sozialerako tresna nagusietako bat bihurtzea, eta Europako hirietan gauzatu behar da eraldaketa hori, trantsizio energetikoa bidezkoagoa izan dadin, pertsonen osasuna eta ongizatea hobetu ditzan, eta beste onura batzuk izan ditzan, hala nola airearen kalitatea hobetzea, enplegua sortzea edo bizimodu osasungarriagoak sustatzea. Horrek guztiak beharrezko eraldaketa teknologikoa, digitala eta ekologikoa lortzen, eta Garapen Jasangarrirako Helburuak betetzen lagunduko du. “Hiri Adimendunak eta klimaren aldetik neutroak” misioak hautatutako hirien eraldaketa lagundu, sustatu eta erakutsiko du, 2030era bitarte klima-neutraltasuna lortzeko, eta gainerako hiri guztientzako esperimentazio eta berrikuntzarako zentroak bihurtzeko. Hala, Europako hiri guztiek eredu hori jarraitzea eta 2050erako karbonoan neutroak izatea da helburua.
Hori lortzeko, Misioak tokiko, erkidegoko eta Estatuko autoritateez gain, enpresen, inbertitzaileen eta beste eragile batzuen esku-hartzea ere izango du, eta noski baita herritarrena ere.
Gasteizek, hautatua izan den heinean, datozen hilabeteetan bere errealitatera egokitutako Hiriko Klimaren Kontratua (Climate City Contract) sinatu eta garatu beharko du, eta esku hartuko duten hiriko eragile guztiekin batera sortu beharko du kontratu hori. Klimaren Kontratu horrek, gainera, inbertsio-plana izango du.
Laguntza tekniko eta arautzailea eskaintzeaz gain, Misioak finantzaziorako bitartekoak eskainiko dizkie hiriei, Horizon Europe programaren (mugikortasunarekin, energiarekin eta hirien plangintzarekin zerikusia duten ikerketa eta berrikuntzetan 360 milioi euroko inbertsioa egingo du 2021-2023 aldian), Europako Egitura eta Inbertsio Funtsen, eta Trantsizio Bidezkorako Funtsaren bitartez helburuak lortu ahal izateko, bai eta beste finantzaketa-tresna batzuen bitartez ere.