Etxe Berdeak 2018: abian da aurtengo programa
Etxe Berdeak hezkuntza programa familiei dago zuzendua, eta batez ere beren eguneroko erabaki eta ohituren ondorioz eragiten duten ingurumen eta gizarte inpaktuarekin kezkatuta dauden familiei. Ekimen horren bidez, etxebizitzaren kudeaketa arduratsuagoa egiteko aldaketa prozesu bat sustatu nahi da programan parte hartzen duten familietan.
Atalez atal, proiektuan zehar familiek hainbat arlo landuko dituzte: ura eta energia modu esanguratsuan aurrezten erakutsiko zaie, kontsumitzeko bide arduratsuagoak irakatsiko zaizkie, eta lanean jarraitu eta sakontzeko lantegiak eta jarduera praktikoak egingo dituzte. Horrez gain, ikuskaritza pertsonalizatua izango dute, etxean dituzten kontsumoak eta ohiturak analizatuta jasangarritasunean aurrera egiten ikas dezaten.
2018ko edizioa martxoan hasi zen, energia lantegi batekin; apirilean hondakinak aztertu ziren; eta maiatzean, baratzezaintza eta lorezaintza. Ekainean uraren gaia landuko da. Guztira 50 familia ari da parte hartzen lantegietan. Adin guztietako pertsonentzako moldatuta daude ekintzak, eta batez beste 100 pertsona inguru ari da parte hartzen.