eues

Albistea

Espezie exotiko inbaditzaileak, prebentzioa da gakoa

Natura oreka-engranaje perfektua da, non dibertsitate biologikoak bere lekua duen eta etengabe eboluzionatzen duen. Halere, kasu batzuetan, gizakiek nahita edo nahigabe eginiko esku-hartzeen eraginez, espezie exótico inbaditzaileak natura-ingurunean sartzen dira, eta ondorio larriak eta itzulezinak eragiten dituzte: esaterako, animaliak eta landareak desagertzea. Zoritxarrez, Vitoria-Gasteizko udalerriak ere arazo horren ondorioak jasan ditu. Informazioa eta prebentzioa funtsezkoak dira herritarrek parte hartzeko eta balizko hondamendiak saihesteko. Eginiko kalkuluen arabera, munduan desagerturiko animalien eta landareen % 40 biodibertsitatea arriskuan jartzen duten espezie inbaditzaileen erruz desagertu dira. Horietako asko ingurune arrotz batean askatzen direnean ez dira izaten ugaltzeko gai, baina beste batzuk bai, eta, azkenean, especie autoktonoak ordezkatzen dituzte. Batzuetan, bertakoen desagerpena eta kalte ekologiko larriak sortzen dituzte. Gainera, espezie exotiko batek, izurrite bihurtuz gero, ondorio ekonomiko larriak sor ditzake, eta nekazaritzan, ehizan, arrantzan eta turismoan izan dezake eragina, baita osasunean ere, kasurik larrienetan, baldin eta dakartzaten gaixotasunek, tokiko flora eta fauna ez ezik, gizakia ere erasaten badute. Nola heltzen dira espezie inbaditzaileak gure ingurunera? Sinestezina dirudien arren, horietako batzuk gizakiak nahita sartu ditu. Gure ibai eta hezeguneen kasuan, adibiderik kaltegarrienak karramarro gorria eta arrain exotikoak (hala nola, lutxoa, eguzki arraina, karpa eta perka amerikarra) dira. Arrantzaleek axolagabeki askaturiko espezieak dira, arrantza zaletasunari kalte ekologikoei baino garrantzi handiagoa ematearen ondorio. Halaber, espezie inbaditzaileek tokiko fauna harrapatzen dute eta, kasu batzuetan, ur-azpiko alga-zelaiak eta uretako ekosistema hondatzen dituzte. Hori ez gertatzeko, arrain exotikoak akabatu egiten dira, CEAk aldizka Salburuan egiten duen bezala.

Beste kasu batzuetan, espezie inbaditzaileak ustekabean heltzen dira ingurunera. Horren adibide da Azolla filiculoides uretako iratzea, Zadorra ibaiaren Aramangelu meandroan aurki daitekeena. Zona horretan ibilguaren gainazala mantu gorriz estali du etxeetako akuarioak apaintzeko erabiltzen den iratze horrek. Akuarioko ura, isurbidetik behera botatzen denean, errekara joaten da zuzenean. Bertan, kontrolik gabe hedatzen da, eta ingurunea kolapsatu egiten du. Arazo horrek ez du irtenbide errazik, eta ziurrenik landarea eskuz kendu beharko dute. Lan hori, zalantzarik gabe, oso neketsua eta garestia izango da.

Bisoi europarra mehatxaturiko espezieen adibiderik hurbilenetako bat da. Haragijale hori Iberiar penintsulan desagertzeko arriskuan dago, eta Vitoria-Gasteiz ingurunean, bereziki Eraztun Berdean, urteak daramatzate berreskuratzeko ahaleginetan. Halere, haren etsai nagusietakoa den bisoi amerikarra handiagoa, suntsikorragoa eta moldakorragoa da. Especie horrek, hain zuzen, larru-granjetatik ihes egin ondoren amaitu du gure ingurunean. Horregatik, duela hamar urte baino gehiago tranpak jartzen hasi ziren animalia inbaditzaile horiek harrapatzeko eta bisoi europarrak bere lurrak berreskura ditzan. Lorezaintzan bertakoak ez diren landareak erabiltzeak edo nahi ez ditugun maskota exotikoak aske usteak habitat-desoreka larriak sor ditzakete. Eraztun Berdetik urtero kentzen dira hainbat landare-espezie (esaterako, panpako belarra), tokiko espezieen lekua hartzen baitute. Azken hiru urteetan, Salburuan Floridako 38 apoarmatu harrapatu dituzte. Especie hori haragijalea eta harraparia da, eta bertako apoarmatuei, apoarmatu europarrari eta korrontezaleari, lekua kentzen die.

Prebentzioa funtsezkoa da hondamendi horiek saihesteko. Ohitura erraz batzuen bidez, esaterako arrantzako tresnak lixibaz garbituz, inbasio-arriskuari aurre egingo diogu. Adibidez, zebra muskuiluak miloi askoko kostuak sortu ditu, azpiegitura hidrauliko ugari konpondu behar izan direlako. Bestalde, naturan maskotak ez askatzea, laguntza-animalia exotikoak izateko modari uko egitea, tokian tokiko landare apaingarriak erabiltzea eta antzeko ekintza arduratsuak baliagarriak dira balizko hondamendiei aurre egiteko. Gure ingurunearen oreka ekologikoa gure esku dago.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala