eues

Albistea

Eskolara oinez edo bizikletaz joateak gazteen osasun egoera hobetzen laguntzen du

Espainiako Osasun Sistemak osasuna sustatzeko eta prebentziorako duen estrategiaren baitan, Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak dokumentu bat prestatu du ("Actividad física para la salud y reducción del sedentarismo") eguneroko jarduera fisikoaren praktika sustatzeko eta egoneko bizimodua murrizteko aholkuekin.

Dokumentuan hainbat aholku ematen dira 5 eta 17 urte arteko biztanleentzat, egoneko denbora tarte luzeak murriz daitezen. Besteak beste, nabarmentzekoa da "auto, autobus edo metro bidezko motordun garraioaren denbora murrizteko eta garraio aktiboa, oinez edo bizikletaz, sustatzeko" ematen den aholkua.

Hain zuzen, horixe da CEA Eskolako Agenda 21aren markoan eskolarako joan-etorrietan mugikortasun aktibo eta autonomoa sustatzeko garatzen ari den proiektuaren xedeetako bat.

Osasuna bultzatzeko estrategian zera diote: "guraso edo tutoreek kontziente izan behar dute nerabezarora iristean haurrak oro har jarduera fisikoa murrizten dutela. Hori oso garrantzitsua da, batez ere nesketan, mutilek duten eta haien adinerako gomendagarria den mailaren azpitik egiten baitute jarduera fisikoa. Hortaz, guraso edo tutoreek oso eginkizun garrantzitsua dute adin bakoitzean egin behar den jarduera fisikoa benetan egin dadin errazteko. Horrela, bizitza osorako osasunari laguntzeko baliagarria den jarduera fisikorako oinarri sendoa ipintzen da."

CEAk prestatutako txosten baten arabera, hiriko 22 ikastetxetan egindako inkesta bateko datuetatik abiatuz (7.166 elkarrizketa), Lehen Hezkuntzako nesken eta mutilen artean 3,2 puntuko aldea dago garraio modu aktiboak aukeratzeko orduan eskolara joaten direnean. Mutilen % 51,12 eta nesken % 47,94 doaz modu aktiboan eskolara. Generoen arteko aldea handiagoa da, 8,4 puntu artekoa, Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Prestakuntza Zikloetan. Mutilen % 69,3 modu aktiboan badoa, nesken % 60,88 soilik doa horrela eskolara.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala