Eskolako Agenda 21en esparruan egindako lan batean, 20 ikastetxetako ikasleek hondakinen eta birziklatzearen inguruko diagnostikoa aurkeztu dute Goiuri jauregian
Eskolako Agenda 21 ekimenean parte hartu duten 20 ikastetxetako 19.600 ikasleen ordezkaritza batek ikasturtean zehar egindako lana aurkeztu zuten Goiuri jauregian. Aurten, programaren horren baitan, hondakinak eta birziklatzea izan dira ikasleek aztertu duten gai nagusia. Jardunaldian zehar, diagnostikoaren emaitzak ezagutzera emateaz gain, gazteek beren ikuspuntuak azaldu zituzten, proposamenak egin zituzten eta iradokizunak egin zizkieten udaleko ordezkariei.
Gorka Urtaran alkateak eman zion hasiera saioari, hilabete horietan egindako lana eskertuz, bere ustez “Gasteizek datozen urteetan izango dituen ingurumen erronka garrantzitsuenen artean” hori ere baitago: zabor gutxiago sortzea, ongi bereiztea eta ongi biltzea. Zentzu horretan, alkateak adierazi zuen “haurrak gero eta kontzienteagoak zaretela oso garrantzitsua dela hondakinak bereiztea, edukiontzi egokietan uztea eta, pixkanaka, hiriko birziklatze tasa igotzea”. Era berean, esan zuen “gasteiztar bakoitzak egunero kilo bat hondakin sortzen duela” eta hiriak, gaur egun, % 26 inguruko birziklatze-tasa duela. “Kantitate hori igotzen saiatu behar dugu”, azaldu zuen, eta aldi berean garrantzia eman zion “gutako bakoitzak” alor horretan dugun erantzunkidetasunari. “Birziklatzerik onena gure etxeetan hasten da, esaterako karameluek sortzen dituzten papertxoak paperontzira botatzen ditugunean, edo zaborra ontzi egokietan uzten dugunean”, esan zuen. “Badakit kasu askotan horrela egiten duzuela, baina denon artean ohitura horiek barneratu egin behar ditugu, gure hiriaren garbitasun egoera egokia izan dadin”.
Ondoren, ikasleek beren gogoetak, konpromisoak eta eskariak aurkeztu zituzten. Besteak beste, esan zuten hondakin gutxiago sortzeko soilik beharrezkoa dena erosi behar dela, mota guztietako materialak partekatu eta berrerabili behar direla, hamarretakoa ontzi berrerabilgarrietan eraman behar dela, Gasteizen edukiontzi egokituak instalatzen jarraitu behar dela, kaleetan paperontzi gehiago jarri behar direla, hondakin organikoen bilketa erraztu behar dela, Udalak sentsibilizazio kanpainak sustatu behar dituela eta zabor kamioien bilketaren maiztasuna hobetu behar dela.