eues

Albistea

Zortzi behirekin inauguratuko dituzte erabilera holistikoko eta errotaziozko larratze birsortzaileko jarduketak ALEKOn, Gasteizko nekazaritzako test-gunean

Vacas Egaña

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak bultzatutako Vitoria-Gasteizko nekazaritzako test-guneak, ALEKOk, beste mugarri bat ezarri du abeltzaintzako jarduera hasita. Monasterioguneko lursailetara iritsitako zortzi behiek emango diote hasiera ekipamendu horretan entseatuko dituzten errotaziozko larratze birsortzaileko eta erabilera holistikoko jarduketei.

“Jarduera honi esker, abeltzaintzarekin lotutako erabilerari hasiera emango diogu ALEKO Nekazaritzako Test Gunean. Behiak sayaguesa eta alistana arrazetakoak dira. Etorkizunean, proiektua beste espezie eta arraza batzuekin osatuko dugu”, iragarri du Ingurumen zinegotziak, Borja Rodríguezek.

Behiak dagoeneko ALEKOn bazkatzen dira eta Aranda de Dueron dagoen ustiategi batetik etorri dira. Ustiategi hartan, 2019tik, errotaziozko larratze birsortzailea eta maneiu holistikoa egiten dute eta, horrenbestez, behiek ezagutzen dituzte eta ohituta daude jardunbide horietara.

“Taldeak mantsotasun handieneko behiak aukeratu ditu, prestakuntza egiten ari diren pertsonekin elkarri eragiteko oso beharrezkoa baita ezaugarri hori. Puntu hori funtsezkoa da nekazaritzako test-guneak ondo funtziona dezan. Izan ere, parte-hartzaileek erabilera birsortzaileetan prestakuntza teoriko-praktiko egokia izatea bermatzen du. Behiek mendian erakutsitako moldakortasuna eta maneiatzeko erraztasuna ere haiek aukeratzeko funtsezko irizpidea izan da”, gehitu du Rodríguezek.

Errotaziozko larratze birsortzailea

Errotaziozko larratze birsortzailea larratzea bideratzeko sistema bat da. Bertan, larreak azpilursailetan banatzen dira, eta ganadua modu planifikatuan mugitzen da batetik bestera.

Helburua gehiegizko larratzea saihestea da, artzaintza eremuak berriro erabili aurretik berreskuratzea ahalbidetuz. Horrek larrearen eta lurzoruaren kalitatea hobetzen ere laguntzen du, landareen gaineko presioa murriztu eta biodibertsitatea sustatzen baita.

Maneiu holistikoa

Bestalde, maneiu holistikoa ikuspegi integral bat da, eta nekazaritza- edo abeltzaintza-sistema bateko elkarrekintza guztiak hartzen ditu kontuan. Allan Savory-k garatu zuen eta lurraren kudeaketaren ikuspegi ekologiko, sozial eta ekonomikoan oinarritzen da.

Erabilera holistikoa ekosistemen birsorkuntza, produktibitatearen hobekuntza eta epe luzerako jasangarritasuna sustatzen duten erabakiak hartzean oinarritzen da. Larretzeaz gain, baliabide hidrikoen plangintza, biodibertsitatearen hobekuntza eta lurraren mende dauden giza komunitateen ongizatea barne hartzen ditu.

Aziendaren inguruko prestakuntza teoriko-praktikoa zein maneiua ALEKO Nekazaritzako Test Guneak Monasteriogureneko onibarretan kudeatzen duen espazioaren ardura duen CROPS4LIFE proiektuko bazkide den Sustraiak Habitat Design erakundeak eskaintzen du.

Maneiu horretan modu aktiboan hartuko du parte Lur Honera elkarteak ere (2024an egindako tester pertsonen lehen promoziotik sortu zen elkartea da).

Basoen kudeaketa jasangarria

Azienda horrek bera, gainera, otsailean hasiko den beste programa batean hartuko du parte. Egaña mendian garatuko da basogintza jasangarriko kudeaketa-entsegua. Mendia Gasteizko Udalaren jabetzakoa da eta IGIn sartuta dago CROPS4LIFE proiektuan sartzeko.

“Mendian abeltzaintza berreskuratzeak lurzoruaren osasuna hobetzen duela, ekosistema orekatuagoa sustatzen duela, biodibertsitatea bultzatzen duela eta balizko suteak prebenitzen dituela aztertuko dugu ekimen honetan”, azpimarratu du zinegotziak.

Entseguak abeltzaintza-erabilera estentsibo tradizionaleko teknika hobetuak barne hartzen ditu, hala nola ganaduaren portaeran aldaketak eragitea kontsumo ez-selektibo baterantz, kontsumoa eta zapalketa areagotzea eta abeltzaintza-espezie desberdinen segida, larrearen garapen-puntuaren araberako larretze-datak aukeratzearekin batera.


 

101114329 LIFE 22-GIC-ES-CROPS4LIFE

Co-funded by the European Union. Views and opinions expressed are however those of the author(s) only and do not necessarily reflect those of the European Union or CINEA. Neither the European Union nor the granting authority can be held responsible for them.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala