eues

Albistea

Eraztun Berdeko bazterrak: Salburua

Eraztun Berdeko parkeetatik agin gehien nabarmentzen dena Salburuakoa da. Toki honi xarma berezia ematen diote urmael handiek eta espazio ireki gisa osatua egoteak. Are gehiago, Hegoaldera begiratzen badugu, gure udalerriko natur inguruneko beste harribitxietako bat diren Gasteizko Mendien ikuspegi ederraz gozatu ahal izango dugu.

Salburuak paseoan dabiltzan jendeengan zein naturaren ezagutzan sakondu nahi dutenengan pizten du arreta, hain erakargarriak baitira bere paisaia eta bere fauna eta landarediaren aberastasuna. Eta hiritik hain hurbil dagoen gune batean hain espezie baliotsuak daudela sinestea zail egiten bazaigu ere, hemen bisoi europarra bezalako espezieak bizi dira. Hainbesteko balioa du toki honek, ezen nazioartean ere aitortu diote balio hau. Ekosistema hau gure eskualdean hain berezia eta adierazgarria denez, eta espezie baliotsuak dituenez, esaterako ur-ipurtatsa animalien artean edo subaratsa landareen artean, aurki Ramsar Hitzarmeneko hezeguneen artean sartuko da. Onarpen honekin, parke honetaz gozatzen dugun guztiok oraindik balio handiagoa eman ahal diogu, nahiz eta jakitun izan oraindik aurrera erantzukizun handiagoa izango dugula gure ingurune hurbilean dagoen harribitxi hau zaintzeko.

Toki honetako erakarmen nagusietako bat bere aniztasun ikaragarria da. Uraren presentzia nabarmenaren eraginez, landaredi mota ugari ageri dira eta fauna aberatsagoa da, ingurune akuatikoa gustoko duten espezieak, ingurune lurtarrean bizi direnak eta bietan ongi moldatzen direnak bizi baitira. Honek guztiak paisaia anitza osatzen du, gustora eta atsedenean egoteko inguru bikaina eskaintzen digularik.

Salburuaren beste ezaugarri bat bere dinamismo handia da. Ohiko bisitaria berehala ohartzen da hemen natur zikloetan berezkoak diren aldaketa prozesuak etengabe eta lasaitasunez txandakatzen direla. Ez dago aurrekoa bezalakoa izango den bisitaldirik, beti topatuko dugu aldaketaren bat gure begien aurrean: klimatologiak eragindakoa; argiaren intzidentziaren aldaketak eguna igaro ahala; landarediaren kolore eta ehundura jarraipena urtean zehar; denbora pasatzen ari dela adierazten diguten hegazti espezie desberdinen joan etorria.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala