Eraztun Berdeko baratzeak Bionekaraban
Foruen Plazan jai giro ederra izan zen, goizeko 10etarako guztia prest zegoen Bionekaraba ospatzeko. Bertan 50 postu baino gehiagok hartu zuten parte eta ortuariak erosteaz gain, garagardoa, txakolina, gazta, ogia, kosmetika naturala, eztia, etab. erosteko aukera izan zen.
Eraztun Berdeko Baratzeetako produktuek ere beren standa izan zuten. Ortuariok horren deigarriak ziren, ezen batek baino gehiagok plastikozkoak ote ziren ere galdetu zuela. "Zenbatean dituzu babarrun pikartak? Zenbat balio dute horren itxura ona duten tomate hauek? Eman iezadazu luzoker zoragarri hau!" Horrelakoak entzuten ziren Olarizuko eta Urarteko baratzeetako standetan. Produktuak soilik erakusgai zeudela eta eros ezin zitezkeela esatean jendeak pena handia azaldu zuen, izan ere, azokatik bueltatxoa eman ostean ikusitako produktuak asko gustatu baitzitzaizkien. Eta horrelakoak entzun ziren jende artean: "Hau pena, duten itxura eder horrekin! Edo Hauxe da produktu onenak dituen standa, argazkia atera al diezaioket?"
Aurten baratzeetan, gure latitudeetan hazten ez diren ortuari eta barazkiak landu dira eta jendea hauek ikustean ere harrituta geratu zen: kiwanoa: meloi afrikarra eta luzokerraren nahasketaren itxura duen ortuaria; kalabaza mota ezberdinak edo tomate mota ezberdinak: cherry gorria eta horia, tomate udarekara, tomate beltza, ... besteak beste.
Goiza ziztu bizian pasa zen eta jende ugarik azaldu zuen baratzeetan burutzen den lanarekiko zein bertan jasotako produktuekiko interesa eta batek baino gehiagok baratze hauetako bat nola eskura zitekeen ere galdetu zuen.
Azoka honen hurrengo edizioetan ere parte hartzea espero dugu, udal baratzeetan ekoizten diren produktuen bikaintasuna erakutsiz.