Eraztun Berdean bi intsektu-espezie berri aurkitu dituzte: oso tximeleta-espezie arraro bat Salburuan eta beste burruntzi-espezie bat Zabalganan
2006ko uztailean José Sebastián Estévez entomologiazaleak oso gutxi ikusten den tximeleta bat sumatu zuen Betoñuko urmaelean: Apatura ilia espezieko tximeleta bat, hain zuzen. Horrenbeste urte igaro diren arren, oraintxe, Atariak aipatutako intsektuei buruzko ikastaroa egin ondoren, ezagutu da albistea. Oso tximeleta ederra da; argia errefraktatu egiten da arren hegalen aurrealdean, eta urdin purpura koloreko distira ematen die. Oso gogokoa du, urertzetako oihanetan, zuhaitzen izerdiaz eta bestelako likidoez elikatzea. Ikusteko zaila izaten da, tximeleta bakana izateaz gain, zuhaitzen adaburuen gainetik oso goian hegan egiten duelako. Penintsulako iparraldean barreiaturik dago, oso era sakabanatuan. Salburuko aipamena Arabako bigarrena da, eta Euskal Herriko hirugarrena. Oso tximeleta-espezie arraroa da eta, aurkikuntza horri esker, ezagutzen ditugun Salburuko tximeleta-espezieen kopurua handitu egin da.
Beste zale batek, José Antonio Gainzarainek, Gomphus pulchellus espezieko burruntzia aurkitu zuen iragan ekainaren 4an, Zabalganeko parkeko urmaeletan. Arabako beste leku batzuetan, Izki parke naturalean esaterako, burruntzi-espezie hori ezagutzen zen arren, Eraztun Berdean ez zegoen oraindik horren berririk. Europako hego-mendebaldean baino ez da bizi burruntzi-espezie hau. Eraztun Berdeko ibai eta urmaelek odonatu-familia aberatsa dute (burruntzi eta sorgin-orratzak): guztira 35 burruntzi-espezie, Zabalganan aurkiturikoa barne. Eraztun Berdea Autonomia Erkidegoko azaleraren % 0,1 inguru besterik ez da gutxi gora-behera, baina bertan Euskal Herrian dauden odonatu guztien bi herenak ikus daitezke.