Eraztun Berdeak Eusko Jaurlaritzaren eta Lurralde Politikarako Ministerioaren finantziazioa jasoko du
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2,2 milioi euro jarriko ditu 2010 eta 2011 artean Eraztun Berdean burutuko diren lanetarako. Lan horietariko lehenak, dagoeneko kontratatua dagoenak, Armentiako parkeko 16. sektoreari eragingo dio. Hain zuen, sektore horretan Armentiako hirigunearen eta parkearen artean (Ehari errekaren bi aldeetan) kokaturiko 10 hektareako nekazaritzako lursaila dago. Lursail hori Eraztun Berdean integratuko da eta oinezkoentzako eta bizikletadunentzako bidea izango du.
2010ean eta 2011n Olarizuko lorategi botanikoak jasoko du laguntza. Laguntza hori, besteak beste, Europako basoen arboretoaren bosgarren fasea kontratatzeko erabiliko da. Horrela, amaiera emango zaio 2007an abian jarritako proiektuari.
Bestalde, Lurralde Politikarako Ministerioak 2010eko Enplegu eta Iraunkortasunerako Estatu Funtsaren kargura 1,43 milioi euro jarriko ditu hiru jarduera finantzatzeko. Horietako bi jarduera, europar baso borealen arboretoa eta aisialdiko baratzeen handitzea eta berritzea hain zuzen, Olarizuko parkean gauzatuko dira. Hirugarren jarduera Salburuko parkeko bideak egokitzea da.
Joan den urtean Eraztun Berdeak 2009ko Enplegurako Estatu Funtsaren finantziazioa jaso zuen. Abenduan hiriaren inguruko ibai-ibilguak egokitzeko lanak egin eta Zadorra ibaiaren Aramangelu meandroko ekologia eta ingurunea leheneratu zituzten. Jarduera horiei esker, asko hobetu da Batan, Zapardiel, Errekaleor eta Santo Tomas erreken egoera eta 2004an hasitako prozesuari amaiera eman zitzaion. Horrela, Eskalmendi eta Krispiñako araztegia bitarteko Zadorra ibaia Eraztun Berdeko parte bihurtu da.