eues

Albistea

Erakunde adierazpena, 'Gasteizerako nekazaritzako elikagaien sistema iraunkorra eraikitzeko oinarriak' dokumentuari eta 'Hiriko Elikadura Politikarako Milango Ituna' delakoari atxikitzeko

> Gasteizerako nekazaritzako elikagaien sistema iraunkorra eraikitzeko oinarriak

2014ko martxoaren 28ko ohiko bilkuran, Gasteizko Udalbatzak aho batez onetsi zuen Nekazaritzarako Elikagaien Udal Plana egitearen aldeko mozio bat, plana arlo horrekin zerikusia eta interesa duten herritarren, elkarteen eta eragileen laguntzaz egiteko.

Plan hori egiteko konpromiso horren haritik, hainbat aurrerapauso eman dira gai honen inguruan hainbat urte lehenago hausnarketa prozesua egina zuten eragile sozialekin batera. Hausnarketa horien emaitza “Vitoria-Gasteiz nekazaritzarako elikagai-jasangarriaren alde” izeneko adierazpena izan zen. Lehen lan teknikoa udalerriko nekazaritzako elikagaien sistemari buruzko diagnosia egitea izan zen (2015ean). Ondoren, 2016an, partaidetza-prozesuari ekin zitzaion. Prozesu honen eta aurreko lan guztiaren emaitza gisa idatzi da “Gasteizerako Nekazaritzako Elikagaien Sistema iraunkorra eraikitzeko oinarriak” izeneko dokumentua. Prozesu guztian zehar eragileen artean adostutako eta partekatutako izpiritua islatzen da bertan, nahi dugun nekazaritzako elikagaien eredu berria egia bihurtzeko erreferentzia izan dadin.

Nekazaritzako elikagaien sistema lokalak eredu berri baterantz eboluzionatu behar du, ingurumen, gizarte eta ekonomia krisiak sorrarazi dituen erronketara egokitzeko eta horiei erantzuteko gauza izango den eredurantz, eta, besteak beste, bertako ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko lotura sustatu behar ditu iraunkortasunaren aldetik. Horretarako, 21 helburu ezarri dira oinarrien agirian lehentasun-hurrenkeran, esku-hartzeko proposatutako 100 ildoak abian jarrita lor daitezkeen helburuak izanik. Zerrenda hori ez da hemen amaitzen, abiapuntua izango baita Gasteizko nekazaritzako elikagaien sistema eraldatu eta eredu hurbilagoa eta ingurumenari errespetu handiagoa diona lortzeko plan eta ekintza zehatzak garatzeko. Gasteizko Udala hasia da dagoeneko bere ekintza-plana prestatzen.

Iraunkortasunaren alderdiei dagokienez, elikadurak garrantzia nabarmena hartu du azken urteotako gizarte politiketan. Horren adibide dugu Hiriko Elikadura-Politikari buruzko Milango Ituna, 2015eko urriaren 15an munduko 100 hirik baino gehiagok sinatu zutena, eta dagoeneko 132 hiri atxikita dituena. Itunak hauxe du xedea: elikagai sistema iraunkor, inklusibo, seguru eta anitzak sortzeko lan egitea, guztiontzako jaki osasungarria bermatzeko eskubideetan oinarritutako ekintza-esparruan; hartara, soberan gelditzen diren elikagaiak murriztu eta biodibertsitatea zaintzeaz gain, klima-aldaketaren eragina leundu eta horietara egokituko baita. Halaber, 37 neurri biltzen dituen ekintza plana ere badu, esku-hartzeko 6 multzotan egituratuta, eta honek osatzen du udaleko elikadura-politikak garatzeko bide-orria.

Gasteizko Udalbatzak badaki nekazaritzako elikagaien sistema oso garrantzitsua dela udalerrian, bai lurraldearen garapen ekonomikorako, bai lurraldearen babeserako, baita herritarrentzako elikadura osasungarriaren hornitzaile izateko ere. Hori dela eta, honakoa erabaki du:

  • Gasteizerako “Nekazaritzako Elikagaien Sistema Iraunkorra Eraikitzeko Oinarriak” dokumentuari atxikitzea, eta atxikipen hori gauzatzea Gasteizen egingo den nekazaritzako elikagaien ekintza planetik eratorritako jarduerak, bere eskumenen esparruan, abian jartzeko konpromisoaren bitartez.
  • Hiriko Elikadura-Politikari buruzko Milango Itunari atxikitzea, tokiko elikadura-sistema iraunkorragoa eraikitzeko prozesuan lagungarri izateko eta beste toki-administrazio batzuekin sarean lan egin ahal izateko lanabes gisa.

Gari soroa

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala