Eragile sozialek, ekonomikoek eta herritarrek hartuko dute parte etorkizuneko Gasteizen estrategiaren diseinuan, 2030 Hiri Agendaren bitartez
Udalak etorkizuneko Gasteizen estrategia zehazteko prozesua jarri berri du martxan 2030 Hiri Agendaren bitartez. Tresna horrek Garapen Jasangarrirako helburuetara bideratuko ditu tokiko politika guztiak, eta “proiektu traktoreei laguntzeko estrategia bat eduki ahal izateko funtsezko tresna” izango da. “Gure hiria Europako Hiriburu Berdea izendatu eta hamar urtera, Gasteizek garapen jasangarriaren buru izaten jarraitu nahi du, ikuspegi integralagoarekin eta munduko agendarekin bat eginez, inor atzean utzi gabe, pertsona guztion bizitza hobetzeko bide berri bati ekiteko”, azaldu du Ana Oregi Lurraldearen eta Klimaren Aldeko Ekintzaren zinegotziak, gaur goizean Gasteizko Hiri Agendaren koordinazio politiko eta teknikoa artikulatuko duen ponentzia sortzea proposatu duenean. Ana Oregik Udaleko sailen inplikazioa eskertu du; izan ere, haren ustez “udal-politika desberdinak bateratzeko aukera zoragarria da bertsio hau, eta hiru ardatzetan indartu nahi du garapen jasangarria: gizarte-gaietan, ekonomian eta ingurumenean”.
Gasteizko Udalak datozen egunetan jarriko du martxan prozesu parte-hartzailea, gasteiztar guztiek Garapen Jasangarriaren Helburuekin lotuta dagoen estrategia sortzeko aukera izan dezaten. Klimaren aldeko Ekintzaren udal-batzordean ezagutu ahal izan dute talde politiko guztiek udaleko sail guztiek aurretik egin duten barne-lana, eta 40 udal-plan baino gehiago jaso dira, sektoreetako estrategia guztiak agenda berrian txertatzeko. Hori izango da munduko 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak udalerrian finkatzeko udal-tresna nagusia.
Prozesu parte-hartzailea arlo desberdinetara bideratuko da: arlo politikoan, ponentzia berezia sortu da gaur; maila teknikoan, lantalde desberdinak egongo dira; eta herritarrei dagokienez, herritar guztiek zein hiriko sektore ekonomiko eta sozial desberdinek hartuko dute parte. Datorren maiatzean eta ekainean, hasierako diagnostikoa landuko da elkarlanean, gerora, esparru estrategiko komuna eta jarduketa-ildoak eta proiektu traktoreak zehazteko.
Gasteizko 2030 Hiri Agenda berria Euskadiko hiriburu batean martxan jartzen den lehenengoa da, eta plan horiek ezartzeko proiektu-pilotuetako bat da estatuan.