Elikaduraren XI. Gizarte Topaketaren balantzea
Urtez urte, Elikaduraren Gizarte Topaketak zubilana egin nahi du hiriaren eta landa-guneen artean, eta herritarrak elikagaien jatorrira hurbildu nahi ditu. Horretarako aurten egin diren jardueren artean, lehena nekazaritzako elikagaien alorreko praktika onak aurkeztera zuzendu zen. Bi egunez, katearen tarteko faseak -eraldaketa eta merkaturatzea- aztertu ziren, bertako lehen sektoreak horretan jarri baitu arreta eta azken urteetan egin diren ikerlan eta analisiek tarteko katebegi horiek sendotzeak duen garrantzia azpimarratu baitute.
Azaroaren 8an egin zen lehen saioko esperientziak hiru izan ziren:
- Spiga Negra, tokiko nekazariek ekoizten duten hazi ehotzetik datorren irin ekologikoa baliatzen duen pasta artisaua.
- Jauregia Esnekiak, Baztango larreetan ekoiztutako Nafarroako lehen esne ekologikoa erabiltzen duten jogurt eta gaztak.
- Bertatik Bertara, Urola Garaiko lehen sektoreak sortu duen estrategia tokiko nekazaritza produktuen ekoizpen eta kontsumoa sustatzeko.
Azaroaren 9an, bigarren jardunaldian, nekazaritza parkeak azaldu ziren. Hiri inguruetako nekazaritzaren zereginak eta hiriarekin duten harremana antolatu eta ordenatzea bilatzen duten espazioak dira nekazaritza parkeak. Lehen aurkezpena sarrera teoriko bat izan zen, eta ondoren bi kasu praktiko azaldu ziren:
- Nekazaritza parkearen irudiaren sarrera teorikoa Ana Zazoren eskutik etorri zen. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko doktore arkitektoa da.
- Fuenlabradako nekazaritza parkea, hiri horren inguruko nekazaritza jarduera eta paisaia babestu eta sendotzera zuzendutako espazio bat da.
- Gallecs inguruko nekazaritza parkea, 750 hektareako lurralde parke handia, tokiko ekonomia dibertsifikatu nahi duena nekazaritza ekologikoaren bitartez. Mollet del Vallés herriarekin batera egiten dute lan.
Topaketa amaitzeko, azaroaren 11n dibulgazio jardunaldi ireki bat egin zen, Abetxukun, bertaratu nahi izan zuen edonorentzat. Goizean, osasunean aplikagarri diren espezie botanikoak ezagutzeko paseo bat egin zen, Gabriel Vázquezen eskutik. Ondoren, belarrak, haziak eta loreak elikagai gisa prestatzeko lantegi bat egin zen Urarteko baratzeetan, eta bisita gidatu bat izan zen Abetxukuko Ekimen Etxea ezagutzeko. Topaketa amaitzeko, dastamenaren laborategia antolatu zuen Slow Food Araba elkarteak. Beste zenbait produkturen artean, Basaldea proiektuan sortutako zenbait ere dastatu ahal izan ziren.