eues

Albistea

Ehun pertsonak baino gehiagok hartu dute esku nekazaritzako elikagaien estrategia lantzeko CEAk koordinatutako partaidetza-prozesuan

Gasteizko Udalak parte hartzeko prozesu bat koordinatu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, hiriko zenbait gizarte-eragilek udalerrirako nekazaritzako elikagaien estrategia iraunkorra zehaztu dezaten. Nekazaritzako elikagaien sistema praktika ekologikoagoetara bideratzea eta tokiko autosufizientzia maila handitzea dira bide-orriaren helmuga nagusiak.

Lantegien fasea ekainaren 14an bukatu zen, eta orain arte ehun pertsonak baino gehiagok hartu dute esku prozesuan. Otsailean abiatu zen eta guztira sei saio egin dira. Horietako hiru osoko bilkurak izan dira. Beste hiru, sektoreka egin dira.

Hiru lantegi orokorretan, gure udalerriko nekazaritzako elikagaien sektorearen egoeraren diagnostiko-txostena ontzat eman eta estrategiarako helburuak ezarri eta lehenetsi dira. Hiru mahai sektorialetan (ekoizpena eta eraldaketa, kontsumoa eta metabolismoa, eta banaketa eta merkataritza) helburu horiek lortzeko jarduera-ildoak zehaztu dituzte.

Guztira, 105 pertsonak hartu dute parte prozesuan (56 gizonek eta 47 emakumek); horietako batzuek behin baino gehiagotan parte hartu dutenez, orotara 224 esku-hartze izan dira. Zuzenean parte hartzeko prozesuaz gain, lau inkesta egin dira online.

Lantegien laburpenak http://vitoria-gasteiz.org/elikatuvg webgunean eskuratu daitezke.

Prozesuaren emaitza zehatzei dagokienez, parte-hartzaileek 21 helburu estrategiko lehenetsi zituzten, eta helburuak lortzeko sektorekako berariazko neurriak proposatu. Gainera, parte-hartzaileek berek ebaluazio inkestetan nabarmendu dutenez, komunikatzeko eta iritziak trukatzeko espazioak sortzea oso baliagarria izan da, eta sareak sortzen lagundu dezaketen kontaktuak egitea.

Udaleko teknikari taldeak hitz eman du estrategiaren agiria irailean aurkeztuko duela, Elikaduraren X. Gizarte Topaketaren barruan.

Nekazaritzako elikagaien sistema sustatzerakoan Gasteizko Udalak egiteko hauek izango ditu: hirigintza plangintza hobea (nekazaritza lurrak babestea), elikagaien kudeaketa publiko iraunkorragoa (udal baliabideetan produktu lokal eta ekologikoen kontsumoa sustatzea), elikagai osasungarriagoak eta tokiko ekoizpena gehiago kontuan hartzen duten kontsumitzeko ohiturak sustatzea, eta udalaren landa funtsak baliatzea nekazaritza ekologikoko ekimenak abian jartzeko.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak nabarmendu duenez, hiriko testuinguruak aldeko ezaugarriak ditu, esate baterako, herritarren parte-hartzerako kultura historikoa, hiriak landa eta natur ingurunearekin duen lotura estua, Euskadiko kultura gastronomikoa, eta nekazaritzako elikagaien arloan burujabe izatearen aldeko joera orokorra.

http://vitoria-gasteiz.org/elikatuvg

Prozesuaren saioetako bat

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala