Ehun ikaslek baino gehiagok aurkeztu dute Gasteizko mugikortasun autonomo eta aktiboari buruz landu duten diagnostikoa
> Eskolako Agenda 21aren webgunea
Gasteizko ehun ikaslek baino gehiagok aurkeztu zituzten maiatzaren 18an eskola-mugikortasun autonomo eta aktiboari buruz landu duten diagnostikoaren emaitzak. Orotara, hogei ikastetxetako 20.500 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte ekimen horretan, Eskolako Agenda 21aren barruan. Gorka Urtaran alkateak adingabeen ekarpenak entzun eta aintzat hartu zituen, alkateorde Itziar Gonzalorekin, Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile Álvaro Iturritxarekin eta Udalbatzako kideekin batera. Ondoren galderak egiteko txanda izan zen, eta udal ordezkariek ikasleek mugikortasunari buruz zituzten kezkak argitu zituzten.
Azken bi ikasturteetan, ikasleek "Eskola-mugikortasun autonomo eta aktiboa" aztertu dute, iaz hasitako lanari jarraituz, eta "ekintzetara igarotzea" izan da gai nagusia. Denbora horretan, Gasteizko Udalari beren diagnostikoa aurkeztu diote, eta haien ustez Udalak hobetu beharko lituzkeen alderdiak, proposamenak eta konpromisoak zehaztu. Orobat, iritziak eta iradokizunak partekatu dituzte Udaltzaingoko, Trafiko Zerbitzuko, Espazio Publikoko, TUVISAko eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko udal teknikariekin.
2014ko urrian mugikortasun aktibo eta autonomoaren proiektuaren aldeko erakunde-adierazpena onetsi zuen Udalbatzak. Era horretako joan-etorriak erraztuko dituen espazio publikoaren eredua sortzea erabaki zen orduan. Adierazpen hartan, Udalak konpromisoa hartu zuen ikastetxeekin elkarlanean jarduteko, elkarrekin diseinatzeko ikasleek ikastetxeetara oinez edo bizikletaz joan ahal izateko beharrezko diren konponbideak.