Vitoria-Gasteizko Herritarren Zientziako Sareak eguneko tximeleten hamaika urteko jarraipena sendotu du, eta 100 espezie baino gehiago atzeman ditu

Eguneko Tximeleten Jarraipen Programak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Udalarekin lankidetzan bultzatutakoak, hamaikagarren edizioa itxi du 2025ean, eta hortaz udaleko herritarren zientziako ekimen luze eta espezializatuenetako bat bihurtu da.
Programaren helburu nagusiak dira eguneko tximeleten banaketari eta dibertsitateari buruzko ezagutza hobetzea, herritarrek hiriko biodibertsitatearen kontserbazioan parte har dezaten sustatzea eta datu-base zientifiko sendo bat sortzea, udalerriko ingurumen-kudeaketari laguntzeko.
Tximeleta-dibertsitate handia eta milaka behaketa
2025ean 40 landa-bisita egin ziren apirila eta urria bitartean. Behaketetan oinezko ibilbideak, espezieen identifikazio bisual eta fotografikoak eta aleen zenbaketak egin ziren. Kanpainan zehar 68 espezietako 3.721 ale erregistratu ziren, 6 tximeleta-familiatakoak. Zifra horiek programan historikoki detektatutako 106 espezieen % 64 baino gehiago dira.
2025ean aberastasun espezifiko handiena izan zuten lursailak Armentiakoa eta Zabalganekoa izan ziren, eta hiri-inguruko espazio horien balio ekologiko handia berretsi zuten. Ekainaren erdialdetik uztailaren erdialdera bitartean bildu ziren espezie eta ale gehien, eguneko tximeletek urte barruan duten jarduera-gailurra sasoi hori baita.
Espezie nabarmenak eta kontserbazio-balioa
Programaren zuzendari zientifiko José Sebastián Estévezek, Entomologiaren Euskal Elkartekoak, kontserbazio-interes handiko espezieak daudela azpimarratu du, adibidez Armentian eta Zabalganan atzeman zen eta Habitat Zuzentarauaren eta Bernako Hitzarmenaren II. eranskinean jasota dagoen Euphydryas aurinia. Era berean, udalerrian oso urriak edo oso ohikoak ez diren espezieak erregistratu ziren, hala nola Satyrium w-album, Araschnia levana eta Heteropterus morpheus. Udalerrian ugarien diren espezieak Pararge aegeria eta Pieris rapae dira oraindik ere.
Herritarren zientzia kontserbazio-tresna gisa
Hamaika urteko etengabeko lanaren ondoren, esan daiteke Eguneko Tximeleten Jarraipen Programa Gasteizko berdeguneen osasun ekologikoa ebaluatzeko eta tokiko biodibertsitatea kudeatzeko eta kontserbatzeko etorkizuneko estrategiak bideratzeko funtsezko tresna gisa finkatu dela.