Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna ospatzeko gonbita egin du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak
Maiatzaren 22an Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna ospatuko da “Konponbidearen parte naiz” goiburupean, itxaropena, elkartasuna eta edozein mailatan elkarrekin lan egitearen garrantzia azpimarratzeko asmoarekin, naturarekin orekan egongo den etorkizuna eraikitze aldera. Gasteizko Udalak bat egingo du ospakizunarekin eta berea egin du goiburua, Ana Oregi IGIko presidenteak azaldu duenez: “Aurtengo goiburuak gogorarazten digu biodibertsitatea garapen jasangarriaren erronka askori emandako erantzuna dela, hala nola, naturan oinarritutako irtenbideak, klima, osasun arazoak, elikadura- eta ur-segurtasuna, edo bizibide jasangarriak. Azken batean, biodibertsitatea mundu hobe bat berreraikitzeko oinarria da”.
Nazio Batuek Dibertsitate Biologikoaren Nazioarteko Eguna izendatu zuten maiatzaren 22a, biodibertsitate gaiak hobeto ulertu eta ezagutzeko. Izan ere, aurrerapen teknologikoak gorabehera, gizakiek ekosistema osasuntsuak behar dituzte, besteak beste, osasuna, ura, elikagaiak, sendagaiak, jantziak, erregaia, aterpea eta energia eduki ahal izateko.
Jarduera programa
Efemeride horren harira, Gasteizko Udalak ingurumen alorreko kontzientziazioa, dibulgazioa eta sentsibilizazioa lantzeko hainbat ekintza antolatu ditu ingurumena sustatzeko jardueren barruan. Aste honetan jarduera hauek egingo dira:
“Gasteizko biodibertsitatea kontserbatzeko estrategiaren oraina eta etorkizuna” hitzaldia, Agustí Agut eta Luis Lobo Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Ataleko teknikarien eskutik. Bertan, 2025. urterako gure udalerriko biodibertsitatearen galera geldiarazteko hartu beharreko neurriak azalduko dituzte. Maiatzaren 20an izango da, ostegunean, 19:00etatik 20:30era, eta Udalaren YouTube kanalean ikusi ahal izango da.
Maiatzaren 22an, larunbatean, 17:30ean, “Hezeguneko biztanle sekretuak” jarduera egingo da familientzat. 6 eta 10 urte bitarteko haurrek ikerlari bihurtzeko aukera izango dute. Ur lagin bat hartu eta lupaz aztertuta, Salburuko hezegunean bizi diren organismoak eta formak behatu ahal izango dituzte.
Horrez gain, larunbateko ospakizuna aprobetxatuz, Atariak beste era batean artatuko ditu bertaratutakoak: Salburuk ekosistemei ematen dizkien onurak azalduko dizkiete, bai eta naturan oinarritutako irtenbideen bitartez ematen dituen ingurumen zerbitzu guztiak ere, horretarako duela gutxi argitaratu den parkeko ibilbideen mapa berriaz baliatuta.
Amaitzeko, maiatzaren 23an, 11:00etatik 14:00etara, “Biodibertsitatearen aldeko Herritarren Zientziaren Astea” ekitaldia antolatu da, IGIk parte hartzen duen herritarren zientzia eta biodibertsitatearen aldeko aliantza. Asteak Espainiako flora eta faunarekin zerikusia duten 50 erakunde, elkarte, plataforma eta komunikabide baino gehiago bilduko ditu, indarrak batu eta Estatuko erakunde naturalista guztiak gutxienez urtean behin bilduko dituen espazio bat sortzeko.