eues

Albistea

DesAUTOxikatu' programan parte hartu duten pertsonek 'oso positibotzat' jo dute CEAk sustatutako esperientzia

Jarduera hau egiteko inspirazioa Ingurumen Zientzietako Elkargoak lehen aldiz Madrilen 2015ean sortutako "desAUTOxicate" proiektua da. Elkargoak aurrera darrai proiektuarekin, www.desautoxicate.es webgunean. Gasteizen Mugikortasun Astearen eta Etxe Berdeak programaren baitan garatu dugun erronka berezi honen egileak beraiek dira.

Mugikortasunaren Europako Astearen barruan Gasteizko Udalak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez antolatutako "DesAUTOxikatu" programan parte hartu duten pertsonak bat etorri dira esperientziaren balantzea egitean: "oso positiboa". Dena dela, zalantzan jarri dute gerora erronkari eusteko gauza izango ote diren. Parte hartu duten bost pertsonek (bikote bat tartean) eguneroko zereginak autoa ezertarako erabili gabe burutzea lortu dute irailaren 19tik (astelehena) 23ra (ostirala) arte. Oinez, tranbiaz, bizikletaz edo autobusez joan dira lanera edo gimnasiora, erosketak egitera, edo seme-alabekin eskolara, eta guztiokin partekatu dute esperientzia udalaren web-orriaren eta sare sozialen bidez. Protagonistek "Etxe berdeak" programan ere hartzen dute parte, zeina Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak babesten baitu. Erronkari aurre egiteko 30 euro kargatuta zituen Bat txartel bana eman zaie.

Jon Kepa Izaguirre kimikaria da, eta Jundizko industrialdean lan egiten du; lanera oinez edo autobusez joan da egun horietan. Egunero ordubete lehenago jaikitzen zen bulegora oinez joateko, Lakuako bizilekutik haraino 6 kilometro baino gehiago baitu.  Itzultzeko autobusa hartzen zuen. Jon Kepak batez beste 25 kilometro egin du egunean, arratsaldez paseoak ematen baitzituen Eraztun Berdean eta erdialdean. Tranbia ere erabili du.

Maribel Hernández komertziala da elikadura enpresa batean. Orain arte autoa ezinbestekoa zuen, eta egun gogorrak bizi izan ditu garraiobide iraunkorragoak erabiliz hirian dituen ehunka bezerori zerbitzu bera eman ahal izateko. Lehenengo egunak bereziki zailak izan ziren: autobusek ihes egiten zioten, bezeroei telefonoz eman behar zien arreta, estres handiagoa... Asteazkenetik aurrera, ordea, ikuspegia aldatu zitzaion. "Bezeroak alderdi batean kontzentratuago zeudenean, erdialdean, esaterako, leku guztietara oinez edo garraio publikoz arazorik gabe iristen nintzela konturatu nintzen. Ibilgailu aldaketek nola funtzionatzen duten ikasi dut eta konturatu naiz antolatuz gero asteko egun pare batean autoa hartu gabe konpondu naitekeela, beraz, nire buruari agindu diot aurrerantzean hori egingo dudala", azaldu du. Maribelek eta gainerako parte-hartzaileek TranVit  bezalako aplikazioek garraio publikoaren ordutegiak eta ibilbideak ezagutzeko duten erabilgarritasuna azpimarratu dute.

Natalia Preciadok irailaren 18an (igandea) utzi zuen autoa aparkatuta, Alde Zaharrean, eta 24ra arte (larunbata) ez zuen berriro hartu. Esperientzia positiboa izan da, baina "gogorra". Bukatutakoan aitortu duenez, "oraintxe ezingo nuke autoa aparkatuta utzi asteko egun guztietan". Natalia etxekoandrea da, eta langabezian dago; gainerako kideei baino gehixeago kostatu zaio TUVISAko autobusetara ohitzea. Egun batzuetan oinez egin ditu eguneroko enkarguak. "Nire auzoan edo inguruetan mugitu behar dudanean errazagoa da kotxerik gabe moldatzea. Baina urrunago joan behar dudanean ezinbestekoa zait".

Azkenik, Montse Prieto eta Jesús Rodríguez de Herediak -jatetxe baten jabeak- diote esperientziak autoa eta motorra etxean uzteko aukera ugari zabaldu dizkiela. "Garraio publikoa ez genuen gehiegi erabiltzen, egia esan, eta konturatu gara oso eraginkorra eta erabilgarria dela guretzat, bai jatetxerako erosketak egiteko bai aisialdirako", azpimarratu dute. Montsek hau aitortu du Boulevard merkataritza-gunera autobusez joan ondoren: "ez naiz gehiagotan autoz joango, askoz erosoagoa delako, eta trafikoaren eta aparkalekuaren estresa saihesten duzulako". Bikoteak ez du inolako eragozpenik izan erosketak tranbiaz eta autobusez egiteko, dela Azoka plazako osteguneko merkatuan, dela Lakuako harategian. "Izugarri gustatu zaigu 'DesAUTOxikatu' honetan parte hartzea, eta zalantzarik gabe garraio publikoa erabiltzen jarraituko dugu", amaitu dute.

4 istorio, gainditutako 4 erronka, 4 sentsazio ezberdin eta helburu bakarra: autoarekiko mendekotasuna gutxitzea. 'DesAUTOxikatu' ekimenak itxi du Gasteizko Udalak Mugikortasun Iraunkorraren Europako Asterako antolatutako programa. Besteak beste, Aldabe kalea itxi zen, aire zabaleko azoka bat jartzeko eta Koroatzearen auzoko SmartEnCity egitasmoa aurkezteko; gaueko bizikleta-martxa egin zen, argiak piztuta joateko beharraz kontzientziatzeko, eta 'street marketing' ekintza bat egin zen, ibilgailu pribatuek espazio publiko gehiegi hartzen dutela agerian jartzeko.

Parte hartzaileek bost egunez izan dituzten esperientzien kontakizuna

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala