CROPS4LIFE proiektuak 'European Meeting of Farm Incubators' programan parte hartu du, proiektua ezagutarazteko eta esperientziak trukatzeko
CROPS4LIFE proiektuaren bazkide diren Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta AmaTerrak Europar Batasuneko ERASMUS+ programak finantzatutako "European Meeting of Farm Incubators" programan parte hartu zuten urriaren 24, 25 eta 26an. Ineopole Formation nekazaritza-eskolan egin zen bilera, Brensen (Frantzia), eta Espainiako, Frantziako, Belgikako, Alemaniako, Finlandiako eta Erresuma Batuko ordezkariek hartu zuten parte. Hiru egunez, parte hartzaileek nekazaritza-inkubagailuekin dituzten esperientziei buruzko informazioa trukatu ahal izan zuten, eta Bresnes inguruan kokatutako zenbait ustiategi eta Gaillac-eko nekazaritza-inkubagailua bisitatu zituzten.
Topaketan, Frantziako Nekazaritza-Inkubagailuen Sareak (RENETA) azaldu zuen zer den nekazaritza-inkubagailu bat, eta sektorean belaunaldien arteko ordezkapena eta nekazaritza-ustiategi berrien sorrera bultzatzeko tresna egokiak nola bihurtu diren. Ondoren, Europako herrialdeetako ordezkariek azaldu zuten zein egoeratan dauden beren nekazaritza-inkubagailuak eta zein diren horiek garatzeko epe labur eta ertainerako planak. Jardunaldiak osatzeko, Gaillac-eko inkubagailuan beren proiektuak probatu zituzten pertsonek garatutako nekazaritza-ustiategieak bisitatu ziren eta, azkenik, nekazaritza-inkubagailua bera bisitatu zen.
Parte-hartzaile guztiek ondorioztatu zuten nekazaritza-inkubagailuek potentzial handia dutela eta ezinbesteko tresna dela Europako Itun Berdeari lotutako Baserritik mahaira estrategia ezartzeko. Halaber, Europa mailako sare bat sortzeko beharra adostu zen, esperientziak trukatzeko eta jardunbide egokiak biltzeko.
Zer da nekazaritza-inkubagailu bat?
Nekazaritza-Inkubagailuen Sarearen (Red de Espacios Test Agrarios, RETA) arabera, inkubagailu bat nekazaritza-sektorean agente berriak instalatzeko prozesu progresiboak ahalbidetzeko programa bat da. Inplikatutako eragile guztiekin egituratutako eta adostutako gobernantza baten bidez koordinatzen dira inkubagailu horiek. Horrelako tokietan, nekazaritzako jarduera profesional bat garatzeko interesa duen pertsona batek edo gehiagok, esperientzia gutxirekin, nekazaritzako jarduera arduratsu eta autonomoa sortzen dute eskala errealean. Esperientzia aldi mugatu batean gauzatzen da (ekoizpen-helburuaren arabera) eta arriskuak hartzea mugatzen da.
Ekintzaile horiek nekazaritza-, abeltzaintza- edo baso-proiektuaren bideragarritasuna ebaluatu dezakete horrela, eta jarduerarekin jarraitu edo proiektua bertan behera utzi erabaki. Nekazaritza-inkubagailuak ez dira ez prestakuntza ez nekazaritza profesionala, baizik eta erdibideko esperientzia bat. Nekazaritza-sektorean proiektu berri bat ekiteko konplexutasuna eta arriskua murrizten dute, eta nekazaritzan hasi aurreko urrats gisa ulertzen dira. Euskadin badago hurrengo urrats horretarako programa bat, Gaztenek izenekoa. Nekazaritza-inkubagailuek probetarako gune bat eskaintzen dute, batez ere nekazaritzaren mundutik zuzenean ez datozen ekintzaileentzat. Urrats horrek erabakiak hartzeko prozesua errazten du eta autonomia, konfiantza eta nekazaritza-sektorean zein lurraldean sustraitzeko aukera ematen dizkie ekintzaileei.
CROPS4LIFE proiektuak nekazaritza-inkubagailu bat sortuko al du?
Bai. CROPS4LIFE proiektuak Vitoria-Gasteizko lehen nekazaritza-inkubagailua sortzea aurreikusi du. Hiri-inguruko nekazaritza-eremuan egongo da, ekintzailetza kolektiborako orientazioa izango du eta praktika birsortzaileak sustatuko ditu. Lurraldean barreiatutako lursail desberdinez osatuko da: batzuk iraunkorrak izango dira eta beste batzuk iragankorrak. Eremu iraunkorretan, euskarri fisikoa beti leku berean egongo da. Horrela, probatzaile batek probaldia amaitzen duenean, beste lursail batean instalatu eta bere ordez beste probatzaile bat sartuko da. Proba iragankorreko espazio bat, aldiz, probaldi bakarrerako izango da eta ez du probatzaile berririk izango; horren ordez, ekoizpenerako lursail bihurtuko da. Inkubagailu iragankorrei esker, ekintzailea jarduera-proba egin duen lursail berean instalatu ahal izango da. CROPS4LIFEren nekazaritza-inkubagailuak bi gune iraunkor izango ditu: bata, Basaldeko udal nekazaritza hazitegi ekologikoan, Abetxukun, non baratzezaintza biointentsiboa probatuko den; eta bestea, Monasterioguren kontzejuko hainbat lursailetan, non auzolan bidezko nekazaritza, laborantza estentsiboa, frutagintza, baso-abeltzaintza eta basoetako nekazaritza probatuko diren. Bestalde, nekazaritza-inkubagailuaren eremua lursail iragankorrez ere osatuko da, eta, horrela, nekazarien belaunaldien arteko ordezkapena sustatuko da lurraldean.