CROPS4LIFE proiektuak erdibidea egin du

CROPS4LIFE proiektuaren partzuergoak bere zortzigarren kudeaketa batzordea egin zuen abenduaren 1ean, proiektuaren erdibidean. 2023an jarri zen abian proiektua Gasteizen, eta elikadura globalaren eredu nagusiaren alternatiba osagarri bat eskainiko duen tokiko elikadura merkatua sortzeko bidean aurrera egiteko lanean ari da. Horrela, zenbait ingurumen erronkei erantzuna eman nahi zaie, hala nola ekosistemen narriadurari, lurzoru emankorraren, biodibertsitatearen eta uraren galera bizkorrari, edo elikadura katean sortutako gizarte desberdintasunei.
Helburu horiek lortzeko, proiektuak elikagaien eredu birsortzaile eta hurbilekoa sortu nahi du, ekoizpen jasangarria tokiko kontsumoarekin zuzenean lotzen duena. Horretarako, nekazaritza lurzoru degradatuak berreskuratu nahi dira, biodibertsitatean eta karbono bahiketan oinarritutako agronomia praktikak sustatuko dira, eta nekazaritzan azkar lanean hasteko mekanismoak eta merkaturatze bide laburrak bultzatuko dira tokiko ehun ekonomikoa indartzeko.
Gasteizko nekazaritzako elikagaien estrategia eguneratzen ari zen heinean, CROPS4LIFEk ere aurrera egin du bi urte eta erdiz, nekazaritzako elikagaien sistemaren deskarbonizazioa lagunduz eta hornidura kate laburrak bultzatuz. Halaber, udalerrian kontsumitzen diren hurbileko produktu freskoen ehunekoa (oso txikia dena) handitzen saiatzen ari gara, bai ekoizpenean bai merkaturatzean aldaketak sustatuz, horrela kanpoko produktuekiko dagoen mendekotasuna murrizteko.
Lorpen garrantzitsuenetako bat Gasteizko Nekazaritzako Test Gunea (ALEKO) abian jartzea izan da. Agroekologiaren sektorean profesionalki hasi nahi duten pertsonei laguntzeko baliabide txukuna da ALEKO: 20 hektarea baino gehiago ditu laboreen ekoizpen birsortzailerako, eta 80 hektarea inguru abeltzaintza, artzantza eta basogintzarako.
ALEKOk eskaintzen duen programa hiru fasetan dago banatuta: lehenengoak prestakuntza eskaintzen du, bigarrenak nekazaritza eta abeltzaintzako jardueraren proba bat egiten du, eta hirugarrenak ekintzailetza prozesuan laguntzea du ardatz. Dagoeneko garatu dira ekimen honen lehen bi sustapenak, hasierako prestakuntza fasean ibilbidea hasi duten 21 pertsonarekin (hamabost 2024an eta sei 2025ean). Horietatik heren batek arrakastaz gainditu zuten lehen fase hori, eta jarduera probaren etapa egin zuten. Lehen promozioko pertsonen ia % 50ek ekin zioten ekintzailetza prozesuari, baina horietako bakar batek finkatu du negozioa Gasteizen.
Merkaturatze etapari dagokionez, denda birtual bat sortu da ALEKOtik sortzen diren elikagaiak eta ekimenarekin bat egin duten beste ekoizle batzuena online saltzeko. Zortzi dira jadanik plataforma horretan barazkiak, lekaleak, ardoa, gazta, ogia eta kontserbak saltzen dituzten hurbileko ekoizleak. Denda Food Network plataforma libre eta kode irekikoarekin garatu da, eta ekoizleei online merkaturatzea errazteko helburua du. Elikagaiak modu jasangarrian banatzen dira Gasteizko etxeetan, kargako bizikletekin.
Hilabete hauetan agerian geratu da, halaber, gobernantza sistema ondo egituratu eta zabal bat ezartzea garrantzitsua dela, tokiko nekazaritzako elikagaien sisteman inplikatuta dauden alde guztien arteko lankidetza erraza ahalbidetzeko. Gobernantza eskema horretan, ekoizpen sektorean sartzen diren enpresa berriek funtsezko zeregina dute tokian sustraitutako elikagai sistema baterako trantsizio prozesuan.
Proiektuaren erronka nagusietako bat, hemendik aurrera, tokian sustraitutako elikadura sistema baten bideragarritasuna lortzea da. Horretarako, funtsezkoa da ekoizleen masa kritikoa handitzea, proiektu birsortzaileei sendotasun soziala eta ekonomikoa emateko gai diren lankidetza ereduak artikulatu ahal izateko. Aldi berean, balio katearen beste muturrean, kontsumoan, funtsezkoa da erosle handiak inplikatzea — hala nola erosketa publikoa edo sukaldaritzaren sektorea —, sistema osoaren bideragarritasun ekonomikoa sendotzeko.
101114329 LIFE 22-GIC-ES-CROPS4LIFE
Co-funded by the European Union. Views and opinions expressed are however those of the author(s) only and do not necessarily reflect those of the European Union or CINEA. Neither the European Union nor the granting authority can be held responsible for them.