CEAren neguko agendan 66 jarduera izango dira
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak prestatu duen neguko agenda orain arteko zabalena da -66 jarduera biltzen ditu- eta urtarriletik martxora arteko jarduerak bildu ditu. Eskaintzak hainbat jarduera barne hartzen ditu: erakusketak Ataria interpretazio zentroan, ingurumen kulturarekin eta bizikletarekin lotutako lantegiak eta ikastaroak, natura ibilbideak, eta familientzako askotariko jarduerak udalaren baliabide ezberdinetan.
Programan hiru erakusketa aurkituko ditugu: Alemaniako Natura Argazkilarien elkarteak antolatzen duen 'European Wildlife Photographer of the Year' (abenduaren 20tik urtarrilaren 22ra); 'Bisoi europarraren abenturak Araban' (urtarrilaren 31tik martxoaren 5era) eta Josean Morlesínen 'Oráculo de Belfos – Bocateca poética' (martxoaren 14tik maiatzaren 1era).
Beste jarduera askoren artean, Aranzadi eta SEO/Birdlife-rekin batera antolatuta hegaztiak urrunetik jarraitzeko gailuei buruzko ikastaroa da aipagarrietako bat. Estatuan egiten den lehena izango da, teknikari, ikertzaile eta eraztun-jartzaileei zuzenduta; martxoaren 18an eta 19an egingo da, Atarian. Otsailaren 3an (ostirala) egitekoa den natura, gastronomia eta musika zikloa eta Hezeguneen Mundu Eguna (otsailaren 4an) ere bereziki interesgarriak dira.
Web bidez ere kontsulta daiteke programa osoa. Jardueretan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, udalaren webgunean, Atarian, 010ean edo gizarte etxeetan. Jardueren tarifak ere leku horietan kontsultatu daitezke.