CEAren hogeigarren urteurrena ospatuko dugu 2016ko Aste Berdean zehar
Ingurumenaren Mundu Eguna eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren hogeigarren urteurrena direla eta, Gasteizko Udalak programa osoa antolatu du datorren asterako, zeinean erakundeek, profesionalek eta herritarrek hartuko baitute parte. Gasteizek datozen urteetan ingurumenaren arloan aurre egin beharko dien erronkak ezagutarazi eta horiei buruz eztabaidatu eta hausnartzea da "Aste Berde" horren xedea. Ekainaren 2tik 5era arte, besteak beste, jardunaldi teknikoak, jarduera sozial handia, Atarian, eta ekitaldi zentrala, Europa jauregian, egingo dira. Horren barruan, toki mailako klima trantsizioa aztertuko da, NBEren Klima Aldaketari buruzko 21 Biltzarraren baitan (COP-21) Parisen izan zen lider lokalen mundu-gailurraren ildotik, zeinean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek ere hartu baitzuen parte.
Jarduerak ekainaren 2an hasiko dira, Ingurumen Hezkuntzari buruzko IV. Jardunaldi Teknikoekin. CEAk eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dituzte, Ataria interpretazio zentroan, eta aurten lorategi botanikoak izango dituzte hizpide. Egun berean, arratsaldean, ekitaldi soziala egingo da Europan, CONAMA fundazioaren laguntzarekin, erakunde horretako adituak Gasteizera etorriko baitira. Espainiako zenbait hiritako arduradunek trantsizio energetikoa eta Parisko konpromisoak nola gauzatu aztertuko dute.
Orobat, herritarek itzal handiko adituei entzuteko aukeraz gozatu ahalko dute, zeinak Lurrarekiko erlazio paradigma berri bat eraikitzeaz mintzatuko baitira. Hizlari hauek hartuko dute parte: Joaquín Araujo (Ekologia, etika eta pentsamendu sentikorra), Fernando Prats (Trantsizioen eta aldaketa globalaren foroa) eta Pedro Linares Llamas (Pedro Linares Llamas (Energia, ekonomia eta ingurumena Frantzisko Aita Santuaren "Etxe komuna zaintzeaz" entziklikaren ikuspuntutik).
Ekainaren 3an, berriz, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren 20. urteurrena ospatuko da: azken 20 urteotan CEA eratzen lan egin eta lagundu duten pertsonak, kolektiboak, enpresak, elkarteak eta erakundeak bilduko dituen ekitaldi soziala egingo da Atarian. "Eraztun berderako 250.000 zuhaitz eta zuhaixka. Etorkizunaren sustraiak" kanpainan parte hartu dutenei esker ona erakutsiko zaie, eta hogei urte hauetan bidaide izandako lehendakariak, kontseilukideak, ikasleak eta lagunak gonbidatuko dituzte. Luis Aranburu Musika Eskolak eta Folklore Akademiak ere hartuko dute parte ekitaldian.
Ekainaren 5ean, Ingurumenaren Eguna dela eta, jaia egingo da Atarian. Hainbat jarduera ekologiko antolatu dira, hala nola trebetasun-jolasak material birziklatuekin, energia berriztagarriak baliatzen dituzten tresnen erakusketa, sukaldaritza ekologikoko jakiak dastatzea eta lantegiak. Gainera, Peña Karria mendi taldeak Eraztun Berdearen oinezko bira antolatu du, zeinak XIII. edizioa beteko baitu. Gizarte etxeetan eman behar da izena.