CEAren 2020ko jardueren oroitza-txostena aurkeztu dugu
SARS-CoV-2k sortutako pandemia egoera larriak mahai gainean jarri du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak azken urteotan landu dituen planteamendu askoren garrantzia: konfinamenduaren ondoren eta deseskalada garaian, herritarrek lehen mailako ihes-balbula bat aurkitu zuten parkeetan, Eraztun Berdean eta ibilbide berdeetan, eta espaloi zabalek eta bidegorrien sareak eguneroko bizitza erraztu zuten normaltasun berriko garaiotan.
Pandemiak asaldura handia eragin zion CEAk 2020an egindako lanari, bereziki herritarrei eskainitako ingurumen hezkuntzako jarduerei dagokienez, hala nola lantegiei, landa bisitei eta natura ibilbideei, horietan funtsezkoa baita naturarekiko kontaktua izatea sentsibilizazio eta ikaskuntza jarduerak gauzatu ahal izateko. Udaberrian egitea aurreikusita zegoen jarduera asko bertan behera utzi behar izan genituen. Horren ondorioz, hezkuntza, sentsibilizazio eta herritarren partaidetzako programen bidez iristen garen pertsonen kopurua nabarmen murriztu zen aurreko urteekin alderatuta.
Programatutako hitzaldiak eta informazioa trukatzeko beste modu batzuk egokitu egin behar izan ziren, eta hainbat izan ziren bilera telematikoak eta webinarrak. Ekintza horien artean, nabarmentzekoa da Europako Hiriburu Berdeen Sarearen Topaketa, Gasteizen egitekoa zena (hiri anfitrioi gisa) eta, azkenean, modu birtualean egin zena.
2020an bultzada handia eman zitzaion nekazaritzako elikagaien estrategiari, eta hainbat azterlan egin ziren. Jantoki kolektiboei, adibidez udal haur eskolekoei, tokiko elikagai ekologikoen hornidura bermatzeko hainbat eredu aztertu ziren, eta udalerriko nekazaritza barietate tradizionalen inbentarioa eta berreskurapena lantzen hasi ziren. Aramangeluko Nekazaritzako Parke Ekologikoa diseinatzeko proiektuan ere aurrera egin zen.
Hiri azpiegitura berdearen estrategiaren alorrari dagokionez, 2020an hirian eta hiri inguruko eremuan egindako esku hartzeen eta NBSen (Naturan Oinarritutako Irtenbideen) inbentarioa egin zen. Katalogo hori Klima Aldaketaren Euskal Estrategia hiri eremuan ezartzeko sortu den Urban Klima 2050 proiektu europarraren barruan dago.
Hiri inguruko azpiegitura berdeari dagokionez, Mendebaldea parkeko (Jundiz) lanetan aurrera egin zen, Europako Phy2SUDOE eta POSIDON ikerketa proiektuekin laguntzarekin.
Mugikortasunari dagokionez, kargako bizikletak eta lanera joateko bizikleta elektrikoak sustatzen jarraitu zen, eta bizikleta elektrikoak mailegatzeko pilotu bati ekin zitzaion San Martingo bulego teknikoetako udal langileentzat. Horrez gain, Industrialdeetarako Mugikortasun Plana idazteko lanak hasi ziren.
Proiektu teknikoei eta obrei dagokienez, Olarizuko Lorategi Botanikoan egindako lanak dira nabarmenenak: antzoki natural bat sortu zen aire zabaleko jarduerak egiteko, eta lorategirako sarrera nagusi bat egokitu zen, ongietorri letra handi batzuk eta bisitari zentroa jarrita.